Trebakuntza guneak

ELAk gutxieneko soldataren proposamena Forum for Macroeconomics and Macroeconomic Policies-en aurkeztu du

2025/11/11
ELAk gutxieneko soldataren proposamena Forum for Macroeconomics and Macroeconomic Policies-en aurkeztu du
ELAko Azterketa Bulegoak urriaren 23, 24 eta 25ean Hans-Böckler-Stiftung-ek eta Institut für Makroökonomie und Konjunkturforschung-ek (IMK) antolatutako Berlinen egindako Forum for Macroeconomics and Macroeconomic Policies-en parte hartu zuen.

Foroak nazioarte mailako ekonomialari eta ospea duten ikerketa bulegoak bildu zituen trantsizio ekologikoaren, eraldaketa teknologikoen eta errentaren eta lanaren banaketaren inguruko gatazken testuinguru batean politika ekonomikoaren ildo estrategikoak eztabaidatzeko.

ELAk  Hego Euskal Herrirako Gutxieneko Soldata proposamena aurkeztu zuen, bizi-baldintzen hobekuntzarekin, prekarietatearen murrizketarekin eta negoziazio kolektiboa eta bere gaitasun instituzionala indartzearekin lotuta. Proposamena interes handiz hartu zuten lan politikako eta errenta funtzionalaren banaketako espezialistek, lurralde bakoitzeko diagnosi sozioekonomikoetan oinarritutako soldata politikak artikulatzearen garrantzia azpimarratu zuten. Parte-hartzeak hobekuntza-ildo berriak identifikatzea ahalbidetu zuen gainera, batez ere enpresen datuak txertatzeari eta sektoreen eta lan egituren araberako efektuen ebaluazio bereiziari dagokionez.

Foroan zehar, Bulogoko kideek ekonomia heterodoxoaren ekarpen berrienetako batzuetan sakontzeko aukera ere izan zuten, batez ere egitura produktiboetan oinarritutako isurien eredu ekologikoen arloetan eta soldata-arrakala, lanaren banaketa sexuala eta politika monetario eta teknologikoek emakumeengan eta gizonengan duten eragin bereizia modu integralean jorratzen duten politika ekonomiko feministen proposamenetan.

Hartu-eman hauek ELAren lanaren orientazioa indartzen dute trantsizio ekologikoa, birbanaketa eta botere ekonomikoaren demokratizazioa konbinatzen dituen politika ekonomiko eraldatzaile baterantz.