ETXEBIZITZA

ELAk mobilizatzera deitu du etxebizitza politikak goitik behera alda daitezen

2026/09/30
ELAk mobilizatzera deitu du etxebizitza politikak goitik behera alda daitezen
ELAk ohartarazi du espainiar Gobernuaren dekretuak ez diela heltzen etxebizitza krisiaren arrazoi estrukturalei. Sindikatuak esan du baztertu egin behar direla higiezinen negozioaren aldeko politikak, eta Pradalesen zein Chiviteren gobernuei galdegin die etxea izateko eskubidea benetan berma dezatela.

Etxebizitza bilakatu da gure gizarteko arazo larrienetako bat. Azken asteetako gertakariak, dozenaka familia Erandion, Donostiako Benta Berrin, Iruñean edo Gasteizen pairatzen ari diren mehatxua, edota Madrilen izan zen Maricarmenen etxegabetzea dira nozitzen dugun krisiaren adibide batzuek. ELAk berriz ere helarazi nahi dio bere elkartasuna eta babesa etxegabetzeen mehatxuari aurre egiten ari den jende guztiari. 

Halaber, ELAk bereziki nabarmendu nahi du azken egunetan izan den mobilizazio sozialaren balioa. Antolakuntzari eta jendartearen presioari esker etxebizitzaren auzia agenda politikoaren ardatz izatera iritsi da; izan ere, Espainiako Gobernua eta alderdi politikoak behartu egin ditu hainbat hilabetez hartu ezinik zeuden erabakiak azkartzera.

Hala ere, espainiar Gobernuak azkenean erabakiak bi errege-dekretutan banatu ditu; haren helburua da ostiraleko bozketan lehena aurrera ateratzea, eta bigarrena -Maizterren sindikatuko aldarriak jaso dituena, esaterako errenten luzapen automatikoa eta alokairu kontratuen iraupen mugagabea- bertan behera uztea, babes nahikoa izango ez duelakoan. 

Guztiarekin ere, lehen dekretuak ere ez du ekarriko behar den eredu aldaketa: hartako neurririk behinenak, hala jende zaurgarria etxerik gabe uzteko debekua, nola kontratuen luzapena, iraungipen datarekin datoz, 2030 eta 2028, hurrenez hurren. Gainera, oraingoan ere etxeen jabeentzako eta higiezinen sektorearentzako pizgarri, hobari eta laguntzak ezarri nahi dituzte. Beraz, ez dute alde batera utzi aspaldidanik ELAk salatu izan duen logika: Baliabide publikoak erabiltzea eragile pribatuak saritzeko, zuzenean beharrak asetuko dituen alokairuko etxebizitza parke publikoa osatu ordez. Gainera, funts putreei ez zaie galaraziko etxeak erostea, espainiar Gobernuaren propagandak hori esanagatik ere.

Honenbestez, iragarri dituzten neurri batzuek -jabeentzako hobari fiskalak, etxebizitza hutsen gaineko errekarguak edota tentsiopeko inguruen araudia- dagoeneko aplikatzen ari dira, molde ezberdinez, Hego Euskal Herrian, baina ez dira baliagarri izan etxebizitzaren krisiari aurre egiteko.

ELAk ohartarazi du Estatuko erkidegoek badutela etxebizitzan politikak erabakitzeko eskumena eta krisia gainditzeko neurriak har ditzaketela. Adibidez, Eusko Jaurlaritzak berak erabaki zezakeen EAE guztia tentsiopeko inguru gisa definitzea (udalerrien esku utzi gabe), ELAk galdatu zuen legez; Erandion datozen egunotan egingo diren etxegabetzeak ekidingo ziratekeen horrela. Ezin da justifikatu etxebizitzaren krisi betean ere -gure gobernuek urte askotan egin dituzten politika ezin okerragoen ondorio izan den krisian-, egun indarrean diren eskuduntzak behar bezala erabiltzeko aukera ez baliatzea. 

ELAren iritziz Gasteizko eta Iruñeko gobernuek, baita espainiar Gobernuak ere, orain arte garatu izan dituzten politikak goitik behera aldatu behar dira.

Ez da onargarria politika publikoaren xedea jabeen, eraikuntza enpresen eta funts putreen errentagarritasuna izatea. Lehentasuna izan behar da etxebizitza duina izateko eskubidea bermatzea.

Horregatik, ELAk honako eskariak egiten ditu:

•         Etxegabetzeak modu mugagabean debekatu etxe batean bizi direnek ordezko bizileku duinik ez badute.

•         Funts putreen espekulazioa amaiarazi eta eskura dauden mekanismo publiko guztiak baliatu familiak euren etxetik kaleratuak direla galarazteko.

•         Hutsik dauden etxebizitzak mobilizatu alokairuko parkean eskaintzeko, eta inor bizi ez den etxeen inguruko baldintzak gogortu; behar izanez gero desjabetzea ere erabaki ahal izango da, jabe handien eta finantza-erakundeen esku daudenean.

•         Etxebizitza izateko eskubide subjektiboa bermatu; hartara, administrazioek derrigor eskaini behar diete bizilekua behar dutenei. Bertan behera utzi behar dira prestazio ekonomikoak eskubide honen ordezko alternatiba iraunkor gisa.

•         Alokairuko parke publikoa zeharo handitu: etxe berri babestu guztiak alokatzeko izan behar dira, eta etxebizitzak eraikitzeko eredu publiko berri bat ezarri.

•         Etxebizitza babestuen kalifikazioa galtzear diren bizilekuak berriro jabego publiko izatera pasa, denbora muga jakinik gabe.

•         Errentetan esku hartu, tentsiopeko eremuak hedatu egin behar dira eta hemen definitutako gehienezko prezio-indizeak osatu, alokairuen prezioa benetan jaitsiarazteko.

•         Aldi baterako alokairuak eta etxebizitza turistikoak mugatu eta kontrolatu; eragotzi behar da alokairu erresidentzialaren gaineko arauak saihesteko balia daitezen.

Horregatik, ELAk dei egiten die bere militanteei eta herritar guztiei ostiral honetan Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek deitu dituzten mobilizazioetan parte har dezaten.