INDUSTRIA DEFENDATZEKO MAHAIA

Eusko Jaurlaritzak enpresak lehenetsi ditu langile klasearen babesaren aurretik

Eusko Jaurlaritzak enpresak lehenetsi ditu langile klasearen babesaren aurretik
Irani egindako erasoak eragindako egoerari aurre egiteko atzo Jaurlaritzak aurkeztutako neurriek berriz ere dagoeneko ezaguna den logika bati erantzuten diote: propaganda ariketa bat da, baliabide publikoak enpresen zerbitzura jartzeko, langile klasearen babesa bigarren mailan utzita.

Ukrainako gerratik eratorritako krisi energetikoarekin gertatu zen bezala, edo iaz Trumpen muga-zergen mehatxuen aurrean Industria Defendatzeko Mahaia martxan jarri zenean bezala, Eusko Jaurlaritzak enpresa jarduera sostengatzera bideratutako laguntzak, bermeak, finantzaketa onuragarria eta bestelako neurriak aktibatzearen alde egin du, langileak babesteko neurriak bigarren mailan utzita. Egun batzuk lehenago ere enpresen mesederako neurri fiskalak iragarri ziren.

ELAk gogorarazi du Euskal Herria bereziki zaurgarria dela horrelako krisien aurrean, energiarekiko mendekotasun handia duelako, bereziki erregai fosilekiko. Irango gatazkaren larritzeak eta Ormuzeko itsasartean izan ditzakeen ondorioek eragin handia izan dezakete petrolioaren, gasaren, elektrizitatearen, ongarrien eta oinarrizko beste ondasun batzuen prezioan, eta horrek zuzenean eragin dezake bizi-kostuan. Egoera honen aurrean, aurreikus daiteke gastu publikoa handitu beharko dela babes sozial handiagoa bermatzeko.

Sindikatuak azpimarratu du azken esperientzia argia dela: 2022ko eta 2023ko krisi energetikoan, inflazioak gehiengo soziala gogor zigortzen zuen bitartean eta soldaten zein pentsioen erosteko ahalmena higatzen zuen bitartean, enpresek, bereziki finantza erakundeek eta energia konpainiek, euren mozkinak biderkatu zituzten. Egoera hori gorabehera, gure erakundeetatik era guztietako oztopoak jarri ziren enpresa horiek lortutako irabazi errekorren gaineko ezohiko zergak ezartzeko, eta kontzertu ekonomikoa erabili zen haien zerga ordainketa minimizatzeko.

Horregatik, ELAren ustez onartezina da nazioarteko ezegonkortasun agertoki berri baten aurrean Eusko Jaurlaritzak eskema bera errepikatzea: lehenik enpresak babestu, eta ondoren, modu sekundarioan eta mugatuan, pertsonentzako neurri batzuk aztertzea. Ezin da lehenetsi deituriko “ezkutu industriala” ezkutu sozialaren gainetik. Ildo horretan, ELAren iritziz, Industria Defendatzeko Mahaia enpresen interesak lehenesten dituen gunea da, eta gehiengo langilea benetan babesteko borondateari baino gehiago logika propagandistiko bati erantzuten dio.

Horren aurrean, ELAk lehentasunen aldaketa exijitzen die euskal erakundeei. Egoera honi eman beharreko erantzunak pertsonak babestea izan behar du ardatz, eta ez enpresen mozkinak blindatzea. Horregatik, beharrezkoa da Eusko Jaurlaritzatik edo aldundietatik enpresek jasotzen duten edozein laguntza enplegua mantentzeari eta kaleratzerik ez egiteko betebeharrari lotuta egotea. Gainera, ezinbestekoa da Madrilen ordezkaritza duten euskal alderdi politikoek Espainiako Gobernuari exijitzea pertsona zaurgarrientzako zuzeneko laguntzak artikulatzea, babes soziala indartzea, oinarrizko ondasunen prezioetan esku hartzea, etxebizitzarako sarbidea bermatzea eta krisia berriro ere gehiengo sozialetik enpresa handietara errenten transferentzia bihur ez dadin saihestea.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek beren eskumenak erabili behar dituzte pertsona zaurgarrienei laguntzeko. Horretarako, beharrezkoa da zerga bilketa handitzea, sozietateen gaineko zerga salbuespenik gabe %25ean ezarriz, eta, gainera, testuinguru honetan enpresek lortzen dituzten ezohiko irabazien gaineko zerga bat ezarriz. Horrela bakarrik bermatu ahal izango dira babes sozial duina ziurtatzeko behar diren baliabide publiko nahikoak.

Azkenik, sindikatuak azpimarratu du gatazka honek berriz ere mahai gainean jartzen duela burujabetza ekonomiko eta energetikoan aurrera egiteko beharra, eredu energetiko bidezko eta jasangarri batean oinarrituta, ekoizpen eta kontsumo kateak murriztuz eta mugikortasun sistema jasangarri bat sustatuz.