BIZTANLERIA AKTIBOAREN INKESTA

Langabezia eta prekarietate handiagoa emakumeentzat 2025ean

2026/01/27
Langabezia eta prekarietate handiagoa emakumeentzat 2025ean
Biztanleria Aktiboaren Inkestak argitaratutako enplegu datuek erakusten dute okupazioak gora egin duela, baina horrek ez du esan nahi kalitatezko enplegua lortu denik; gainera, emakumeek prekaritatea eta genero-arrakala pairatzen jarraitzen dute.

HEHn okupatutako kopuruak 29.000 hazkundea izan zuen 2025. urtean. Enpleguaren igoera hori EAEn izan zen nabarmena, 28.700 landun gehiagorekin; Nafarroan, berriz, igoera ia marjinala izan zen, 300 pertsona gehiago. Emakumeen artean 3.100 okupatu gehiago zenbatu ziren, eta gizonen artean, berriz, 25.800 gehiago. Sektoreka, zerbitzuetan izan ezik, guztietan handitu zen okupatuen kopurua. Enpleguaren hazkunde gehien eraikuntzaren sektorean izan da, 18.300 pertsonako hazkundearekin, eta ondoren industria, 10.800 enplegurekin.


Lanaldi osoko enpleguak 38.700 gehiago izan ziren eta lanaldi partzialekoak 9.700 gutxiago. Jaitsiera hori gorabehera, partzialtasun-tasak handia izaten jarraitzen du, %16,3koa. Lau emakumetik batek lanaldi partzialeko kontratua du, eta gizonen artean, berriz, hamarretik batek baino gutxiagok ( %8,2).
Kontratuen behin-behinekotasun-tasa %19,4tik %18,3ra jaitsi zen azken urtean. Hala ere, garrantzitsua da adieraztea tasa hori ehuneko sei puntu baino ez dela murriztu 2019ko hiruhileko berarekin alderatuta. Gainera, genero-arrakala argia dago prekarietateari dagokionez: emakumeen artean behin-behinekotasun-tasa %21,7koa da, eta gizonen artean, berriz, %14,9koa. Azpimarratzekoa da, halaber, sektore publikoaren behin-behinekotasunak oso maila altuetan jarraitzen duela: %39,8 EAEn eta %32,5 Nafarroan.


Langabeziak ez zuen bilakaera positiborik izan 2025 urtean zehar. HEHk 109.900 langaberekin itxi zuen urtea, aurreko urtean baino 200 gehiago. Igoera hori emakumeen artean handiagoa izan zen (+11.000), eta gizonen artean, berriz, 10.700 langabe gutxiago izan ziren. Hala ere, biztanleria aktiboaren hazkundearen ondorioz, HEHko langabezia-tasa zertxobait jaitsi zen, %7,8tik %7,6ra. Emakumeen langabezia-tasa 1,4 puntu igo zen, %9an kokatuz; gizonen artean, berriz, %6,4ra jaitsi zen.


HEHak 2025 itxi zuen enpleguaren hazkunde esanguratsuarekin, batez ere eraikuntzak eta industriak bultzatuta, eta lanaldi osoko enpleguaren hazkundearekin. Hala ere, hobekuntza horrek ez du esan nahi pertsona guztientzako kalitatezko enplegua lortu denik. Oraindik ere desberdintasun handiak daude, batez ere emakumeen eta gizonen artean, eta prekaritateak eguneroko errealitatea izaten jarraitzen du. Langabeziak eta kontratazio partzialak batez ere emakumeei eragiten diete; behin-behinekotasunak, berriz, oso hedatuta jarraitzen du, eta sektore publikoan kopuru bereziki altuak dira. Azken batean, datu orokorrek lan-egoera ahula eta oso desberdina ezkutatzen dute.