BILBOKO UDALTZAINGOAREN TELEFONOGUNEA

ELAk epaitegietan salatu du lan baldintza okerragoetan birkokatu dituztela langileak

2026/01/26
ELAk epaitegietan salatu du lan baldintza okerragoetan birkokatu dituztela langileak
Udalaren arduragabekeria salatu du, Bilboko Udaltzaingoaren telefono bidezko arreta zerbitzua kendu duelako.


Bilboko Udaltzaingoaren telefonogunean orain arte lan egiten zuten bost langileak beste lanpostu batzuetan birkokatu ditu Lanalden enpresak. Berariazko lanpostuak galtzeaz gain, lan-baldintzak nabarmen okertu direla salatu du ELAk epaitegietan.

ELAk Udalak zerbitzua ematen ez jarraitzeko hartu duen aldebakarreko erabakia kritikatu du. Azken lizitaziorako ez da enpresarik aurkeztu, baina sindikatuak gogorarazi du Udalak beste aukera batzuk bazituela: plegua berregitea, baldintzak hobetzea eta zerbitzuaren jarraipena bermatzea edo gatazkarako irtenbide bat negoziatzea: "Horren ordez, zerbitzuaren aurrekontu-partida baztertu eta desagertzen uztea izan da erabakia".

Sindikatuak azpimarratu du herritarrei ez zaiela inoiz aldaketaren berri eman, eta "herritarren eta udaltzaingoaren arteko harremanetarako funtsezko bide bat” desagerrarazi dela. “Erabaki horrekin, herritarrak babesik gabe geratzen dira, orain arte gertuko erantzun eraginkorra bermatzen zuen telefono bidezko arreta-kanal zuzenik gabe".