JESÚS MARÍA IKASTETXEA (BILBO)
Abuztuaren 31n itxiko dute 100 lanpostu arriskuan jarrita

Langileek jakinarazi dutenez, orain dela gutxi jaso dute komunikazio ofiziala: ikastetxea abuztuaren 31n itxiko dute. Ondorioz, 60 langile zuzenean kalean geratuko dira, eta horiei gehitu behar zaizkie garbikuntza, sukaldaritza, garraio eta begirale zerbitzuetako beste dozenaka langile. Guztira, 100 lanpostutik gora galdu daitezke.
Jesuitinas ikastetxearekin hasieran aurkeztutako fusio proiektua maiatzaren 12an bertan behera gelditu zen, eta ordutik ez da inolako alternatibarik mahai gainean jarri. Martxoaren 18tik greba mugagabean dauden langileek salatu dute ez Eusko Jaurlaritzak, ez Kristau Eskolak, ezta Bidaide Fundazioak ere ez dutela inolako erantzunik eman ez dokumentazio eskaerei, ez negoziazio eskaerei.
Gainera, langileek gogor kritikatu dute Eusko Jaurlaritzaren jokabidea: beste ikastetxe batzuetan epez kanpoko matrikulazioak baimendu ditu, eta hori greba hautsi eta mobilizazioa desaktibatzeko saiakeratzat jo dute.