Bilboko Gran Casino Nervión

Manifestazioa eta lanuztea egin dute langileek, hitzarmen berriaren alde

2023/04/29
Manifestazioa eta lanuztea egin dute  langileek, hitzarmen berriaren alde
Aspalditik ari dira KPIari lotutako soldata igoerak eskatzen, baina enpresa ezezkoan tematuta dago. Kasinoko langileen diru sarreren zati handi bat eskupekoak dira, eta garaiotan asko murriztu dira. Plantillaren ekonomian eragin handia izan du horrek.

Manifestazioa eta lanuztea egin dute Bilboko Gran Casino Nervión-eko langileek apirilaren 28an. Arratsaldez manifestazioa egin dute kasinoaren inguruan eta, gauez, lanuztea kasinoaren aurrean, informazio orriak ematen zituzten bitartean.

Gran Casino Nervión-eko langileak aspalditik dabiltza hitzarmena berritzeko negoziaketan. Gutxienekoen plataforma aurkeztu dute, KPIari lotutako soldata igoera izanik aldarrikapen nagusia, erosahalmena mantendu ahal izateko. Enpresak, baina, KPIaren oso azpitik dauden soldata igoerak eskaini ditu. Gogoan izan behar da kasinoko langileen diru sarreren zati garrantzitsu bat eskupekoak direla. Oso diru sarrera ezegonkorra, beraz. Horrek, bizitzak beste gora egiten ez duten soldatekin batera, egoera ekonomiko ahulean bizitzera kondenatzen ditu langileak.

Gran Casino Nervión-ek dio diru galera handiak izan dituela azken urteotan eta horrelako gasturik ezin duela bere gain hartu orain. Hala ere, enpresaren jabea den taldeak diru asko inbertitu du azken boladan azpiegituretan, berriztatze lanetan eta kasinoa lekuz aldatzen, eta ELAk uste du inbertsioaren parte bat langileen baldintzak hobetzera zuzendu beharko lituzketela.

Hori dela eta, langileek ordubeteko lanuzte bana egin zuten ere martxoaren 25ean eta apirilaren 14an. Geldialdiak arrakastatsuak izan ziren, langile gehienek bat egin baitzuten, baina enpresak ez du jarrera aldatu.