PALESTINA

ELAk aldeko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du

2026/09/28 Nazioartekoa
ELAk aldeko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du
Genozidioak eta Israelen zigorgabetasunak aurrera jarraitzen dutela salatu du sindikatuak. Israelen aurkako boikota lortzeko erakundeei eta enpresei presioa egitea ezinbestekoa dela adierazi du ELAk.

2023ko urriaren 8tik, Israelgo armadak bereizi gabeko erasoak egiten ditu Gazako palestinarren aurka, Nazioarteko Zuzenbidea eta oinarrizko giza eskubideak urratuz. Aurrekaririk gabeko hondamendi humanitario baten aurrean gaude. Zerrendan, 2023ko urriaren 8tik, ia bi milioi pertsonek, biztanleriaren ia %90a, lekualdatu behar izan dute.

Era berean, Israelek eta Hamasek 2025eko urrian su-etena sinatu zutenetik 1.300 palestinar baino gehiago irailak izan dira. NBEko giza eskubideetan adituek ez dute zalantzarik: "genozidioak su-etenik gabe jarraitzen du". Hilketa horiek ustezko "lerro horitik" urrun gertatzen ari dira. Lerro horren ostean, Israelgo armada erretiratu behar zen. Bizitegi-eraikinak suntsitzen jarraitzen du Israelek sistematikoki, eta ebakuazio-aginduak ematen dira borroka-hegazkinekin erasoak egin baino minutu batzuk lehenago.

Francesca Albanese, Nazio Batuen Erakundeko Palestinarako kontalari bereziaren arabera, elikagaiak sartzea Gazan ukatzen ari da Israel. Gainera, Laborantza-lurrak edo ura eskuratzeko aukerarik ez dutenez, palestinarrek ezin dute beren kabuz elikatu.

Bake akordioa deritzonaren urraketa sistematikoa ematen da. Hori gutxi balitz, uztailean Israelek Donald Trumpek babestutako 15 puntuko plana atzera botatzea erabaki zuen, Gazako su-etenaren bigarren faserantz aurrera egitea ukatuz. Israelgo gobernuak adierazi du ez duela Gaza utziko Hamasek arma guztiak entregatu arte.

Zisjordanian, kolono armatuek beldurra eragiten jarraitzen dute palestinarrengan. Joan den uztailean, adibidez, 14 palestinar hil zituzten lurralde horretan. Kolonoen erasoak ez dira bat-batekoak; Israelgo okupazio-indarren babesarekin eta parte-hartzearekin jarduten dute. Zilegitasun osoz dihardute. Nazioarteko Justizia Gorteak jada 2024an adierazi zuen Israel Palestinako lurralde okupatuan etengabe egotea legez kanpokoa zela, eta ahalik eta azkarren okupazioarekin eteteko eskatu zuen.

Beraz, Israeli laguntzen dioten estatuak, ekonomikoki, zein komertzialki, instituzionalki edo politikoki, genozidioan laguntzen ari dira.

Beraz, ELAk Chiviteren eta Pradalesen gobernuei honako hau eskatzen die:

• Indarrean dauden lankidetza-akordioak, kontratu publikoak eta merkataritza-harremanak berehala etetea. Bi gobernuek proiektu bateratuak dituzte unibertsitate, zentro teknologiko eta enpresa israeldarrekin, berrikuntza, energia, osasuna edo digitalizazioa bezalako sektore estrategikoetan.

• Bi gobernuek berrikusi egin beharko lituzkete indarrean dauden akordio eta kontratu guztiak, eta irizpideak txertatu beharko lituzkete Palestinaren okupazioan eta kolonizazioan zuzenean edo zeharka parte hartzen duten enpresekiko lankidetza eragozteko.

• Genozidioaz baliatzen diren eta lur okupatuetan jarduten duten EAEko eta Nafarroako enpresekiko dirulaguntzak edo harremanak geldiaraztea. Enpresa-etekinak ezin dira giza eskubideen gainetik jarri.

ELAk, iazko urtearen amaieran, eskaera bat erregistratu zuen bi gobernuetan administrazio horiek Israelekin dituzten loturak eta kontratuak ezagutzeko. Eusko Jaurlaritzaren kasuan, erantzuna anbiguoa eta eskasa izan zen, eta Nafarroako Gobernuaren kasuan, etzen erantzunik ere jaso. Gardentasun eza erabatekoa da. Harreman horiek Palestinako herriaren giza eskubideak sistematikoki urratzen dituen erregimena normalizatzen eta sostengatzen laguntzen dute.

Azaldutako guztiagatik, ELAk Chiviteren eta Pradalesen gobernuei eskatu die Israelekin dituzten lotura eta kontratuei buruzko informazioa azaltzeko. Era berean, datozen asteetan genozidioa salatzeko eta Palestinako herriarentzat askatasuna eskatzeko egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du ELAk.