ITUNPEKO ESKOLAK

Donostiako Santa Teresa, Larramendi eta Jesuitinak eskolak bateratzean lanpostuak bermatzeko eskatu dute

2023/06/07
Donostiako Gizarte Ekimeneko Santa Teresa, Larramendi eta Jesuitinak zentroak bateratzeko asmoa dagoela jakin eta gero, ELAk eta CCOOk enpresei, patronalari eta Hezkuntza Sailari exijitu diete bermatu ditzatela lanpostuak eta lan baldintzak bateratze prozesuan zehar. Datorren ikasturtean, 2023-2024, hiru ikastetxeen bat egiteari ekingo zaio, 0 eta 3 urte bitarteko ikasleen gelak bateratuz. Era berean, hurrengo bi ikasturteetan gainerako mailak bateratzea aurreikusten da. Horren ondorioz, ikasgelen kopurua murriztuko litzateke, hurrengo ikasturteetan ikasgela batzuk galduko lirateke eta hiru eskoletako zenbait langile kaleratuko lituzkete. Sindikatuak kexu dira gardentasun eta informazio falta izan delako. Are gehiago ez dute erabakiaren berri izan duela aste gutxi arte, bat egitearen funtsezko alderdiak finkatuta zeudenean. Hori guztia salatzeko asmoz, elkarretaratze bateratua deitu dute ekainaren 8rako, Larramendi Ikastetxean, Donostian, 13:45ean.

Bilerak eta batzarrak egin ondoren, sindikatuek euren desadostasuna helarazi zieten enpresei. Interpelazioaren ostean, bilera deitu dute ekainaren 9rako, ostiralerako. Bilerari begira, ELAk eta CCOOk elkarrizketa zintzoa aktibatzeko eskatu dute, aintzat hartuta lanpostuak eta lan baldintzak prozesu honen faktore kritikoa direla.