Donostiako Karmelo ikastetxea

ELAk esku hartzea eskatu dio Jaurlaritzari, ikastetxea itxi nahi dutelako langileekin negoziatu gabe

2024/06/11
Donostiako Karmelo ikastetxeko gatazkan esku hartzeko eskatu dio ELAk Eusko Jaurlaritzako lan ordezkaritzari; izan ere, duela bost urte eskola erosi zuen Scientia School enpresa ikastetxea itxi eta eraikina saldu nahian dabil. Langileek 22 greba egin egin dituzte beraien lanpostuak defendatzeko, baina enpresak ez du inolako negoziaziorik ireki, eta ez du eskatutako dokumentazioa helarazi. Itxierari edo lanpostuei buruzko informaziorik ere ez zaie eman langileei, nahiz eta ikasturtea amaitzear dagoen.

Zehazki, 2024ko irailean adierazi zuen enpresak 2024-2025 ikasturtean eskola ixteko asmoa zuela, eta gurasoei jakinarazi zien ikasleak beste eskola batzuetan matrikulatu zitzaten. Langileekin, ordea, ez zuen inolako harremanik hasi, ez zien inolako informaziorik helarazi, ezta negoziaziorik ireki ere.

Ikasleak beste eskoletan matrikulatu dira datorren ikasturterako, asko Kristau Eskolako beste eskoletan. Langileek, aldiz, ez dakite zer gertatuko den beraien lanpostuekin. Enpresak negoziatu gabe jarraitzen baitu, eta langileei ez die ikastetxearen egoera ekonomiko eta enpresa egoerari buruzko dokumentaziorik helarazi, ez bestelako informazio edo proposamenik ere.

Egoera horren aurrean, EAEko Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak ez du ezer ere egin langileen egoerari irtenbideren bat emateko, ezta Kristau Eskola patronalak ere. Eusko Jaurlaritzako Lan Delegaritzak ikasle eta familien egoerari eman die lehentasun osoa, langileen egoera aintzat hartu gabe.

ELAren eta Karmelo ikastetxeko irakasle eta langileek ikasleak garaiz eta modu egokian ebaluatzea nahi dute. Baina enpresaren jokaera “onartezina” dela uste dute. Gauzak horrela, uste dute “Hezkuntza Sailaren zein Kristau Eskolaren utzikeriaren ondorioz” grebei eustea besterik ez dutela.

Horregatik guztiagatik, ELAk Lan Delegaritzari eskatu dio esku har dezala gatazka honetan, eta enpresa behartu dezala negoziazioa zabaltzera, eskatutako dokumentazioa ematera eta itxierari zein lanpostuei buruzko informazioa eta proposamenak helaraztera.