Scientia Karmelo ikastetxea (Donostia)

Elkarretaratzea Eusko Jaurlaritzaren aurrean, Hezkuntza Sailak ikastetxearen itxieraren erantzule dela salatzeko

2024/05/20
Zazpigarren greba egunean, eta %100eko jarraipenarekin, Scientia Karmelo ikastetxeko (Donostia) langileek elkarretaratzea egin dute Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, Donostian, eta Hezkuntza Saila jo dute ikastetxea ixtearen arduradun nagusietako bat. Izan ere, itunpeko zentroa da, eta, beraz, diru publikoarekin finantzatzen da. Duela bost urte, Scientia School bezalako enpresa batek zentroa erosi zuen. Administrazioek enpresa hori itunpeko sarean sartzea ahalbidetu zuten, eta sare horrek funts publikoak jaso ditu, beti ere, berme berezirik eskatu gabe. Orain, enpresak ikastetxea itxiko duela iragarri du, eta grebalariek susmoa dute atzean higiezinen sektorearen interesak daudela. Kristau Eskola patronalaren edo Udalaren erantzukizuna ere badela nabarmendu dute, eta erakundeei egindako bilera eskaerek erantzunik gabe jarraitzen dutela gogorarazi dute. Gaur, maiatzak 20, beste 10 greba egun hasiko dira, datozen bi asteetan zehar. Gehiegizko zerbitzu minimoak salatu dituzte.

Ildo horretan, Hezkuntza Sailaren esku hartzea eskatu dute, baita enplegu eta lan baldintzak bermatzeko konpromiso eta neurri zehatzak ere. Joan den astean ikastetxeko langileen ordezkariak Hezkuntza Sailarekin bildu ziren. Bertan adierazi zuen Jaurlaritzak lanpostuak bermatzeko bideak aztertuko zituela, baina gaur egun langileek ez dute norabide horretan doan inolako neurriren berririk.

Mobilizazioen egutegiaren baitan, maiatzaren 22an elkarretaratzea egingo dute Donostiako AEG ikastetxearen aurrean.