La Anunciata ikastetxea (Donostia)

Itxieraren aurkako 14. greba egunak jarraipen zabala izan du

Itxieraren aurkako 14. greba egunak jarraipen zabala izan du
Ikastetxea ixteko erabakia jakinarazi zenetik, Hezkuntza Saila eta Kristau Eskola ez dira sindikatuekin bildu. Bihar, martxoak 25, langileek protesta egingo dute Francisco Coll Hezkuntza Fundazioaren egoitzan, Madrilen, La Anunciata eskolaren jabea baita.

Donostiako La Anunciata ikastetxeko langileek hamalaugarren greba eguna dute euren lanpostuak defendatzeko. Horiei martxoaren 25erako eta 26rako deitutako beste bi greba egun gehituko zaizkie. Gaurko egunean berriro egin dute protesta Hezkuntza Sailaren egoitzaren aurrean, Donostian. Kaleratze kolektiboa aurkeztu zenetik, Hezkuntza Saila ez da langileekin harremanetan jarri ere egin. Itunpeko ikastetxea izan arren, administrazioak ez du inolako babes-neurririk hartu. Gauzak horrela, bihar, martxoak 25, Madrilera joango dira eta bertan elkarretaratzea egingo dute La Anunciata zentroaren titularra den Francisco Coll Hezkuntza Fundazioaren egoitzaren aurrean.

Kaleratze kolektiboaren prozesuaren barruan egindako kontsulta aldia enpresaren eta langileen arteko akordiorik gabe amaitu da. Izan ere, enpresak ez du kaleratze kolektiboaren alternatibarik aztertu nahi izan. Bere planteamendu bakarra zentroa erabat ixtea eta bertako langile guztiak kaleratzea izan da.

ELA itxiera horren aurka agertu da, Francisco Coll Fundazioaren "aldebakarreko eta justifikaziorik gabeko" erabakia dela uste baitu.