Lanbide Heziketako ikastaroa 2025eko Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketako EPErako

EAEn, irakasleen artean, 13.000 behin-behineko (ordezko) langile daude lanean ikasturtez ikasturte, sistematikoki. Sektore publiko osoan errepikatzen den behin-behinekotasun maila onartezin hau gure gobernuen erabaki politikoen ondorio da. Izan ere, plaza kopuru nahikorik ez zeukaten oposaketak deitu ditu urteetan zehar, eta azken hamarkadan erreposizio tasen mugak ontzat eman ditu Estatuko aurrekontu legeei bere babesa eta bozka emanez.

Behin behinekotasuna mugatzeko Estatu espainiarrak onartutako 20/21 Legea ELAk ez nahikotzat jo zuen; izan ere, hobekuntzarako tarte handia baitzuen. Hala ere argi ikusi dugu Eusko Jaurlaritzak lege honek bere langile publikoak kontsolidatzeko ematen dizkion aukera guztiak ez aprobetxatzeko erabakia hartu duela. Egonkortze prozesuen ondoren ere, Eusko Jaurlaritzako esparru desberdinetan behin-behinekotasun mailak %30tik gorakoa izaten jarraituko du. Arrazoi nagusia, Jaurlaritzaren erabakiz egonkortze prozesuetan eskaini den lanpostu kopuru urrian aurkitu behar dugu berriro ere.

Irakasleei dagokionez, behin behinekotasunak %30etik gorakoa izaten jarraituko du: 

BEHIN BEHINEKO KOPURUA

ESTABILIZAZIO PROZESUETAN ESKAINITAKO LANPOSTU KOPURUA

PROZESUETATIK KANPO GERATZEN DEN LANGILE KOPURUA

PLANTILA OROTARA

Estabilizazio prozesu ondoren geratuko den BB

13.500 aprox

 

3.372 (+ 183)

9.628 (%74)

28.300

%34

Behin-behinekotasun maila handiari, erosahalmenaren % 20 inguruko galera gehitu behar zaio. Eta hori gutxi balitz, lan-kargak etengabe handitzen dira, gu guztion osasunari eraginez eta arriskuan jarriz.

Arrazoi horiengatik pasa den ikasturtean 5 greba egun egin genituen hezkuntza publikoan (Greba feminista barne).

Grebak arrakastatsuak izan ziren eta uste dugu ditugun helburuak lortzeko bidean aurrerapauso txiki batzuk eman direla eta hauek, argi eta garbi, mobilizazioen ondorio direla. Alde batetik, esparru desberdinetan mahai negoziatzaileak deitu dira. Adibidez, bi mahai orokor deitu ditu Eusko jaurlaritzak. Eta bestetik, EAJ eta PSOEren inbestidura akordioa. Akordio horretan euskal langile publikoen enplegua berritzeko tasei eta soldata igoerei buruzko atal bat jasotzen da.

Gure borrokak hainbat fruitu eman baditu ere, borrokan jarraitu behar dugu. Enpleguari dagokionez, gure helburua da irakasleen artean behin-behinekotasun erreala %8ra jaisteko salbuespenezko kontsolidazio prozesuak adostera behartzea Jaurlaritza. Eta berriro behin behinekotasuna ez handitzeko 2 urtero LEP adostuak deitzeko konpromisoa har dezala.

Enpleguaren inguruko aldarrikapen honekin batera, erosahalmenaren berreskurapena, lan zamak arintzeko neurri zehatzak, gazte berritze plan eraginkorrak, lan osasuna bermatzeko neurriak eta euskalduntze eta berdintasun neurriak jasoko dituen hitzarmena lortu nahi dugu. Horregatik irakasleetan greba dinamika bat abian jartzea lortu dugu. Urtarrilean eta otsailean 4 greba egun egin genituen gainerako sindikatuekin, eta orain beste 5 greba egun deitu ditugu: martxoaren 25, 26 eta 27an, eta apirilaren 1ean eta 2an. 

Greba dinamika jarraitu eta indartzen joango direnak izango dira hau guztia lortzeko giltza.

EPE honetan eskaintzen den lanpostu kopuruarekin eta prozesuarekin gure aldarrikapenak ez dira betetzen enpleguari dagokionean.

Hala ere, hainbat afiliatuk horrela eskatuta, aurrekoetan egin dugun moduan, ELAren lokaletan ikastaroak antolatuko ditugu gure afiliatuentzat Programazioa eta Unitate Didaktikoak prestatzen laguntzeko, eta MAD editorialarekin harremanetan jarri gara gai-zerrenda edo gaitegiak eskuratzeko afiliatuek erraztasunak eta %30eko beherapena izan dezazuen. 

1. Gaitegiak

Gai zerrenda

Gaitegiak eskuratu

2. Ikastaroak

Ikastaroetan izena eman

Laburpena:

Lanbide Heziketako programazio didaktikoaren prestakuntzan laguntzeko ikastaroak antolatu ditugu Manu-Robles Arangiz Institutua Fundazioa eta UNEDekin batera Donostian.

Lekua: Donostia (ELAren egoitza)

Datak eta ordutegia:

Ikastaroa Donostian izango da, larunbat goizetan, 9:00etatik 14:00tara data hauetan:

  • Apirilak 5

  • Apirilak 12

  • Maiatzak 3

  • Maiatzak 10

  • Maiatzak 17

Ikastaro bakoitzak 24 ordu presentzial izango ditu, norberaren lanaz gain (6 ordu).

  • Ikastaroetan parte hartzen dutenei 30 orduko kreditu baliokidetza duen UNEDek ziurtaturiko agiria emango zaie. Ziurtagiria lortzeko gutxienez saioen %80an parte hartu beharko da eta beharrezkoa izango da lehen egunean bertan izatea.

  • Ikastaroaren prezioa 60€ izango da pertsonako.

  • Izen-emateko azken eguna apirilaren 3 izango da (baina ikastaroak lehenago bete daitezke)

  • Ikastaroa emateko, beharrezkoa izango da gutxieneko kopuru bat betetzea, bestela bertan behera geratuko da. 

Izena emateko baldintzak:

  • Afiliatua izatea.

  • ELAren webgunean izena ematea.

  • Ikastaroa hasi aurretik ordainketa egitea.

Zalantzak argitzeko edo informazio gehiago jasotzeko:

  • Bilbo: Barrainkua, 13. Telf.: 944 03 77 86.

  • Donostia: Kontsulatua, 8. Telf.: 943 00 50 21-943 00 50 22

  • Gasteiz: Manuel Iradier, 25-behea. Telf.: 945 15 43 66-945 15 43 56