“ITPk esplotatzen eta azpikontratatzen betetzen ditu patrikak” #EutsiTaTira

2018/08/07
UDINEko langileek, Zamudion kokatutako enpresa, Bilbon elkarretaratu dira hiru hilabete kobratu gabe daramatela salatzeko. UDINE MOS Marineren azpikontrata bata da, eta hau era berean ITPren azpikontrata.

Industria eta Eraikuntza federazioak Eskumaldean duen arduradun Iker Alustizak nabarmentzen duenez, UDINEko kasuak argi uzten du ITP bezalako enpresa handiek esplotazioan eta azpikontratazioan oinarritzen dituztela euren irabazi handiak. “ITPren irabazien atzean langile asko prekarietatera eta miseriara zigortzen dituen azpikontratazio kate bat dago. UDINEko langileek hiru hilabete daramatzate kobratu gabe; ITPren erantzuna kalera botatzea eta lan bera egiteko langile berriak kontratatzea izan da”.

UDINEko langileek argi utzi nahi izan dute borrokan jarraituko dutela euren bi helburuak lortu arte: zor zaiena ordaintzea eta euren lanpostuak berreskuratzea. Dagoeneko greba mugagabean daude eta egunero ari dira mobilizatzen, bai ITPren egoitzaren aurrean zein Bilbon zehar.