Comeco Gráfico Norte (COMECO)
Akordiorik gabe amaitu da Vocento taldeak 57 pertsona kaleratzeko aurkeztutako EEEa
Vocento Taldeak arrazoi ekonomikoak, produktiboak eta antolakuntzakoak alegatzen zituen plantillako 70 langile kaleratzeko EEEa justifikatzeko, eta 57 langilera murriztu du eragindako langileen kopurua. Hala ere, ELAren ustez, ez dago enpresaren erabaki hori justifikatzen duen arrazoirik, eta lanpostu guztiak defendatzeko borrokatuko da. Datu gisa, azpimarratu behar da Vocento taldeak 13 milioi eurotik gorako irabaziak izan zituela 2023an, eta 5,5 milioi euro banatu dituela dibidenduetan azken bi urteetan.
ELAk salatu nahi du Vocento Taldearen asmoa ekoizpen-kostuak merkatzea dela, Zamudioko lantegiko ekoizpenaren zati bat taldeko beste enpresa batzuetara deslokalizatuz. Gainera, greba mugagabea hasi zenetik enpresak grebarako eskubidea sistematikoki urratu du, grebalariak legez kanpo ordezkatuz, bai barneko medioekin, baita kanpoko medioekin.
ELAk planteamendu bidegabe eta arrazoirik gabeko horren aurka egingo du, bai sindikalki eta baita juridikoki ere. Horregatik greba mugagabeak jarraituko du Vocento Taldeko Zuzendaritzak kaleratze horiek geldiarazi eta Txorierriko inprimategiaren jarraipena bermatu arte.