Alconzako grebalarien martxa Berangotik Bilbora, 25 kaleratzeak salatzeko

2022/05/13
Otsailaren 28tik Berangoko Alconza lantegian greban dauden langileek oinezko martxa egin dute gaur 25 lankideren kaleratzea salatzeko. Goizeko 8:00ak aldera Berangotik abiatu, eta Bizkaiko Zubia zeharkatuz iritsi dira Bilbora. Bertan elkarretaratzea egin da Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean eta Sabin Etxean amaitu da.

Martxarekin, grebalariek salatu nahi izan dute, beste behin, kaleratzeak eragin dituen apirileko enplegu erregulazioko espediente. Alconza, itsasontzietarako motorrak diseinatu eta fabrikatzen dituen faktoria, Irizar taldearena da. Bada, Alconzaren kutxatik ia 10 milioi euro banatu ditu Irizarrek dibidenduetan, langile batzordeak berak salatu duenez. Horregatik, justifikaziorik gabeko enplegu erregulazioaren ordez, lantokiak izan ditzakeen arazo koiunturalei heldu eta Alconzaren etorkizuna bermatuko duen industria plana eskatzen dute langileek. Egungo egoera zuzendaritzaren utzikeriaren ondorio baita.

Era berean, Eusko Jaurlaritzaren inplikazio falta ere salatu dute kontzentrazioarekin, eta Irizar taldearen babesgabetasun faltaren eta utzikeriaren aurrean, laguntza eskatu diote.

Azkenik, ELAk ere auzitara jo du. Alde batetik, enpresak ez ditu Langileen Estatutuan eta 1483/2012 Errege Dekretuan ezarritako legezko baldintzak bete; besteak beste, ez dira langileen eragin irizpideak adierazten. Are gehiago, kaleratuak izan diren langileak kaleratzeen aurkako greba egiten ari diren langileak dira, kanpo geratu direlarik greba horretan parte hartzen ez duten langileak. Alderdi hori bereziki nabarmendu du lan agintaritzak Enplegua Erregulatzeko Espedientearen izapidetzean egindako nahitaezko txostenean. Bestalde, uste dugu Alconzako zuzendaritzak azaldutako arrazoiek ez dutela inolaz ere justifikatzen hartutako neurria, eta salatu nahi dugu Irizar taldeak ez duela parte hartu Berangoko zentroak izan ditzakeen arazo koiunturalei aurre egiteko adostutako eta traumatikoa ez den konponbide baten bilaketan.