Mecaner (Urduliz)

Deslokalizazioari aurre egiteko ELAk greba mugagabearen aldeko apustua egiten du

2024/01/30
Urdulizko Mecaner enpresan aurrerapen gutxi egin dira irailean enpresa ixteko asmoa zegoela jakinarazi zenetik. ELAk hasieratik egin zuen greba mugagabea deitzearen alde, enplegua eta enpresaren bideragarritasuna defendatzeko. Eta horren premia inoiz baino garrantzitsuagoa dela irizten dio ELAk.

ELAk behin eta berriz salatu du itxieraren atzean dagoela planta deslokalizatzeko asmoa. Hori dela eta, ELAk hasiera-hasieratik planteatu zuen greba mugagabea. Gainerako sindikatuak ez zetozen bat planteamendu horrekin. Orain, enplegu erregulazioko espedientearen kontsultaldia hasteko hilabete falta denean, inoiz baino beharrezkoagoa da greba: Stellantis taldearen aurrean mobilizazioak indartzeko unea da, 148 langile kalean gera ez daitezen, enpresak irabaziak izan dituen arren. Horregatik, ELAk bere apustua berresten du.

Era berean, ELAk erakundeei eskatu die politika publikoak aldatzeko eta irtenbide baten bila lan egiteko, enplegua suntsitu edo Mecanerreko plantillaren lan baldintzak okertu gabe. Ezin da onartu Stellantisek Mecaner ixtea, enpresa bideragarria baita.

Azkenik, ELAk greba aldarrikatu du Mecanerreko langileen eskubideak defendatzeko tresna gisa, eta Urdulizko lantegia salbatzeko borroka areagotzearen alde egiten du.