EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Novaltia zigortu du greba eskubidea urratzeagatik

2021/11/23
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio ELAri eta Novaltia kondenatu du -Zamudion dagoen farmazia produktuak banatzen dituen enpresa- greban dauden langileak Aldi Baterako Laneko Enpresetako (ABLE) langileekin ordezkatzeagatik. Langileek 950 euroko soldatak dituzte, eta greban daude 2019ko uztailaren 23tik, lan baldintza eskasak hobetzeko. Egoitza nagusia Zaragozan duen enpresako zuzendaritzak etengabe uko egin dio greba-batzordearekin langileen prekaritateari amaiera emango dion hitzarmen bat negoziatzeari. Hala, 2019. urtearen amaieran egin zuen proposamena ere ez du aldatu. “Proposamen hori ez zen nahikoa, eta aurrekoa baino okerragoa zen”, kexu da sindikatua. Auzitegiak ELAri 6.251 euroko kalte ordaina ematera zigortu du Novaltia, grebarako oinarrizko eskubidea urratzeagatik.

2020an, Novaltiako zuzendaritzak alde bakarrez jakinarazi zien greban zeuden 20 pertsonei oporrak txandaka hartu behar zituztela ekainetik abendura bitartean. “Ulergaitza zen, greban dauden langileek kontratua etenda dutelako eta oporrak, hala badagokio, lan gatazka amaitu ondoren hartu beharko liratekeelako”, dio sindikatuak. ELAk salatu duenez, Novaltiako zuzendaritzak Aldi Baterako Laneko Enpresetako (ABLE) langileak kontratatu zituen greban zeuden langileen zereginak egiteko, hau da, grebalariak legez kanpo ordezkatzeko oporretan zeuden bitartean. 2020an, Novaltiak 19 kontratazio egin zituen ABLE bidez. Egoera hori ekainetik abendura arte legez kanpo egin zuen.

Epaiak jasotzen duen bezala, “eztabaidagarria da enpresak greban zeudenen oporraldia ordezkatzea modu partzialean konfiguratuz; gainera, kontuan hartzen badugu langileek ez zituztela aldez aurretik oporrak onartu, opor horiek ematea eta ustez oporraldian zeuden langileak ordezkatzea grebarako eskubidea urratzea da”.

ELAk epaia txalotu du. “Argi daukagu greba ia 900 egunez luzatu dela, zuzendaritzak grebalariak legez kanpo ordezkatzea erabaki duelako, lana legez kanpo eginez, greba eskubidea urratuz, negoziatzeko inolako beharrik gabe”, deitoratu du sindikatuak. Gauzak horrela, soldata eta lan baldintza duinak jasotzen dituen hitzarmen bat behingoz negoziatzeko eskatu dio Novaltiako zuzendaritzari.