Eaton Industries multinazionalak Derioko zentroa ixteko asmoa agertu du eta 37 familia kalean utzi ditu

2021/03/17
ELAk ziurtatu du ez dagoela ixteko arrazoi objektiborik eta agintariak industria defendatzera deitu ditu. "Beste behin ere, ekoizpena deslokalizatu nahi dute. Gure erakundeek ezin dute beste alde batera begiratu eta tamaina honetako eraso bat onartu". Mobilizazioei ekin diete langileek gaur goizean.

Martxoaren 15ean, Eaton Industries multinazionalak Derioko zentroan EEE (enplegu-erregulazioko espedientea) bat aurkezteko eta langile guztiak kaleratzeko asmoa zuela jakinarazi zien sindikatuei. Enpresa ixtea erabaki zuen zuzendaritzak.

Zuzendaritzak dio antolaketa- eta ekoizpen-arazoak medio hartu duela erabakia, baina ELAk azpimarratu du ez dagoela arrazoi objektiborik halako neurri traumatikorik hartzeko. 

Halaber, ELAk erakundeei gogorarazi die ezin direla enpleguaren itxieraren eta suntsipenaren konplize izan, eta, beraz, aurreikusitako deslokalizazioa gelditzeko neurriak hartzera deitu dituzte.