MECANER (URDULIZ)

Ekoizpena geldirik Mecanerren

2024/02/15
ELAk otsailaren 7an hasi zuen Mecanerren greba mugagabe, eta geroztik ekoizpena erabat geldirik dago Urdulizko lantegian. Langile batzordearekin batera deitutako egunetan jarraipena erabatekoa denez, eta ELAk deitutakoetan ere oso garrantzitsua , ekoizpenak ezin du aurrera egin, ez dagoelako langile nahikorik. Martxoaren 2an, langileek manifestazioa egingo dute udalerrian, erakundeei erantzukizunak eskatzeko eta deslokalizazioa salatzeko.

Era berean, mobilizazioek aurrera jarraitzen dute. Otsailaren 16an langileek elkarretaratzea egingo dute Eusko Jaurlaritzaren aurrean Bilbon, 9: 00etan, eta martxoaren 2rako dei berezia egin dute: Urdulizko kaleetan egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin diete herritarrei, lantegiaren deslokalizazioa bidegabea dela salatzeko.

ELAk erakundeei eskatu die prozesu horretan duten erantzukizuna bere gain har dezatela eta konponbide baten alde lan egin dezatela, Mecanerrek irekita jarrai dezan eta plantilla osatzen duten 148 pertsonak kalean gera ez daitezen. Ezin da ahaztu Stellatis taldeak 16.000 milioi euro baino gehiagoko irabaziak izan zituela.