DHL-Leioako afiliatu bat bere lan sindikalarengatik kaleratua izan dela salatzeko kontzentrazioa egin dute

2017/12/14
ELA-DHL Leioako atal sindikalak salatu duenez, ELAko afiliatu eta ordezkari izandako pertsona bat enpresatik kaleratu dute hain justu sindikatuarekin zuen loturagatik, alegia, atal sindikalak azkenaldian egindako lan sindikalarengatik.

ELA-DHL atal sindikalak lan-osasunaren inguruko arazo asko salatu izan ditu azken hilabeteotan, besteak beste, giro-baldintzak, tenperatura, operadore bakoitzak duen gehiegizko lan-karga eta abar. Era berean, azterlan bat burutu du, aipaturiko faktore horiek haurdun dauden emakumeengan eragin ditzaketen kalteak aztertzeko (abortuak, erditze goiztiarrak eta orokorrean haurdunaldiko arazoak). Atal sindikala azterlan hori aurkeztera joan zenean, enpresak uko egin zion parte hartzeari. Orain Lan Ikuskaritzaren eskuetan dago gaia, eta dagoeneko hasita dago enpresari argibideak eskatzen.

Horiek horrela, DHLk entzungor egin die aztarna horiei, eta atal sindikalarekin zuzeneko lotura zuen langile bat kaleratu du (aurreko epealdi batzuetan ELAko ordezkaria izan da).

ELAk jendaurrean salatzen du DHLren jokabidea. Paketeriaren multinazional horrek bere langileen ongizateari erreparatzen dion enpresa eredugarriaren irudia erakusten du, baina, praktikan, lan-osasunaren arazoei ez ikusiarena egiten die, eta mendekua hartzeko prest agertzen da, konponbide egokiak bilatu beharrean.