ELAk Galdakaoko Ecovidrio enpresan greban dauden langileen legez kanpoko ordezkapena salatu du Lan Ikuskaritzan

2020/12/23
Galdakaoko Udalaren eta Ferrovial Servicios Cespa enpresaren (gaur egun Galdakaoko kaleak garbitzeko zerbitzuaren esleipenduna) erabakia errefusatu du, eta azpikontratatutako plantillak eta udaleko bertako langileak greban dauden langileak ordezkatzeko erabiltzea egotzi die. "Greba borrokarako tresna legala da eta errespetatu egin behar da", azpimarratu du.

ELAk, Lan Ikuskaritzan, Galdakaoko Enviser Servicios Medioambientales-Ecovidrio enpresan greban dauden langileen legez kanpoko ordezkapena salatu du, Galdakaoko Udalak eta Ferrovial Servicios Cespa enpresak (gaur egun Galdakaoko kaleak garbitzeko zerbitzuaren esleipenduna) emandako agindu baten ondorioz.

Langileak greban dira azaroaren 2tik, hitzarmenaren negoziazioaren defentsan. Bada, orain, Ferrovial Servicios Cespa enpresak, Galdakaoko kaleak garbitzeko zerbitzuaren egungo esleipendunak, langileei jakinarazi die Galdakaoko Udalak behin eta berriz eskatu duenez, obren eta zerbitzuen arloko langileak behartzen dituela bide publikoan botatako beira guztiak kentzera. Izan ere, Galdakaoko Udalak, aurkeztutako instrukzio batean, argudiatzen du arriskutsua dela bide publikoan hautsitako beirak egotea, beraz, udal-gobernuak bere gain hartzen du herritarren segurtasunaren gaineko erantzukizuna. Ondorioz, obren eta zerbitzuen arloko langileak beira jasotzera behartzen ditu, salbuespen gisa. Erabaki horren berri ematen die enpresak langileei, eta greban dauden langileak ordezkatzera eta eskubide hori urratzera behartzen ditu.

ELAk azpimarratu du grebarako eskubidea argi eta garbi urratzen ari dela. Hori dela eta, abenduaren 11n, aldi baterako enpresa-elkarteko (ABEE) ordezkaritzak adierazi zuen ez zegoela ados horrelako ekintzekin, eta uko egin zien, langileen plantillen artean zabaldutako ohar baten bidez.

"ELAk babes irmoa erakutsi nahi die grebalariei, eta azpikontratatutako plantillak eta Udaleko langileak greban direnen eskubideak urratzeko erabiltzea errefusatzen du. Greba borrokarako tresna legala da, eta errespetatu egin behar da".