ELAk lotsagarritzat jo du ITPk kaleratzen jarraitzea, lan-karga handiagoa hartuko duela iragartzen duen bitartean

2020/12/03
Rolls-Roycek Erresuma Batuan lantegi bat erosiko duela iragarri du abenduaren 3an, eta herrialde berean ixteko zorian dagoen beste lantegi baten lan-karga bere gain hartuko duela adierazi du. Bi operazio horiek Euskal Herriko lantegien lan karga handitzea ekarriko dute epe labur edo ertainean. Hala ere, ITP Aero taldeak aurrera jarraitzen du Bizkaiko lantegi guztietan enplegua suntsitzeko planarekin.

Urrian, UGT eta CCOO sindikatuek sinatutako lan-erregulazio txosten baten bidez, 121 pertsona kaleratu zituzten Zamudion. Eta une honetan antzeko prozedura bat negoziatzen ari dira Barakaldoko eta Sestaoko lantegietan 136 langile kaleratzeko.

Uztailean taldeak Bizkaiko zentroetako langile gehienak kaleratzeko asmoa iragarri zuenean, ELAk defendatu zuen posible zela lantegi guztietako enpleguari eustea. Bagenekien sektore aeronautikoak berehala produkzioa berreskuratuko duela, eta beste neurri batzuk proposatu genituen sektoreak bizi duen arazo koiunturalari aurre egiteko. Orain, taldeak COVID-19ren krisia aprobetxatu du etekinak handitzeko, plantilla arinduz eta lan kostuak murriztuz.

ELArentzat albiste ona da lana iristea, betiere enpleguari eta lan-baldintzei eusten bazaie. ITPko taldearen kasuan ez da horrela, eta, beraz, kaleratzeen odolustea geldiaraztea eskatzen dugu, bai eta kaleratuak lanera itzultzea ere.