Enpleguaren aldeko mobilizazioak Erandioko Cables y Alambres enpresan #EutsiTaTira

2019/08/29
Erandioko Cables y Alambres enpresaren langileak borrokan jarraitzen dute enpleguaren defentsan eta euren lan baldintzen alde; enpresa hau Grupo Vicinay-ren parte da. Zuzendaritzak 35 langileri eragiten dien Enplegu Erregulazio Espedientea proposatu du abuztu honetan, oporraldi prozesu betean; gainera, lan baldintzak nabarmen okertuko lituzketen neurriak ere proposatu ditu.

Lantokia Erandioko itsasadarraren parean dago, Udalak berak bizitegi-gune bezala aurreikusten duen eremua; hau da, etorkizunean lur-sail horiek birkalifikatzearen zain dago, bizitegi-gune gisa erabiltzeko. Testuinguru honetan, ELAk zuzendaritzari industria-proiektu serio bat aurkezteko exijitzen dio; orain arte langileei eskatu diena gizarte kostu oso altua duen fede ekintza bat besterik ez da.

ELAren ustez onartezina da orain arte Cables y Alambres enpresak egindako proposamena, eta enpleguaren alde mobilizatzen jarraituko du.