Euskaltelen azpikontrata nagusian egindako lanuzteak jarraipen zabala izan du

2021/06/15
Zamudioko (Bizkaia) ZTE Managed Services Southern Europe enpresako langileek bat egin dute enpresa batzordeak deitutako lanuztearekin. Kaleratzeak atzera botatzea eta enpresak lan-karga Estatu mailan dituen beste lantegi batzuetara desbideratzeko eta ABLE eta outsourcing bidez kontratatzeko agertu duen asmoa bertan behera uztea da grebaren helburua. ZTEren langileek erantzukizuna eskatu dio Euskalteli eta inplikazioa Eusko Jaurlaritzari, zeina parte aktiboa izan baitzen gaur egun ZTEk egiten duen lanaren kanporatzean. Datorren ekainaren 17an beste lanuzte bat egingo dute, ordubetekoa, eta ekainaren 22an, berriz, 24 ordukoa.

Txinako multinazionalak Euskaltelen sarea instalatzeko eta mantentzeko ardura hartu zuenetik, lan-baldintzak okertu egin dira. Grebak bultzatu dituen faktorea lankide baten kaleratzea izan da, eta enpresak, batez ere, Euskalteli ematen dioten zerbitzua berregituratuko duela iragarri du.

ZTEk sarearen mantentze-lanak egin nahi ditu Gijonetik edo Madriletik, eta langileek argi dute beren lana beste zentro batzuetara bideratzen bada, enplegua suntsitu eta baldintzak okertuko direla. Gainera, enpresa ABLE bidez ordezkapenak egiten hasi da eta ez du baztertu outsourcing enpresen zerbitzuak kontratatzea. Langileek hitzarmen duina eskatzen dute.