Gestamp Try Out enpreseko ABEEa baliogatzea eta bertan behera uztea eskatu du Jaurlaritzak

2021/07/23
Hasieratik ELAk defendatutako tesia babestuz, txostenak dio prozedura irregularra dela, Ikuskaritzak ondorioztatutako langileen lagapen legez kanpokoa aintzat hartzen ez duelako.

 

GTO enpresako langileen gehiengoa ( Muskizen egoitza, baina lantokia Erandion kokatua) ekainaren 12a ezkero aldi baterako enplegu erregulazioan dago eta, enpresaren nahiari jarraiki, martxoa amaitu arte jarraituko dute horrela. Eusko Jaurlaritzak, baina, prozedura baliogabetzea eta bertan behera uztea eskatu du, besteak beste, langileria modu irregularrean kontratatuta dagoela argudiatuz.

Pasa den abenduan Lan Ikuskaritzak txosten batean ebatzi zuen Gestamp taldeak lan kostuak aurrezteko sortutako enpresa fizktizioa dela GTO, langileak lagapen irregularrean dituena eta egoera arautzeko GTOko langileak Gestamp Tooling Erandio-ko (GTE) langile izatera pasa beharko luketela. Enpresek Ikuskaritzak finkatutako isuna ordaindu zuten, baina txostenaren muinari kasurik egin ez, eta ez zuten GTO-ko langileen egoera moldatu.

Hilabete batzuk geroago, ekainean, GTO-k ABEE bat aurkeztu zuen arrazoi produktiboak tarteko. ELA hasiera-hasieratik agertu da prozeduraren kontra, besteak beste, lan harremanen legediak kontratazioari buruz dioena betetzen ez duelako. Negoziazio prozedura adostasun barik amaitu ostean eta enpresak bere nahia egikarituta, ELAk ABBEaren kontrako salaketa aurkeztu du epaitegian. Bide horretan Eusko Jaurlaritzaren txostena oso baliagarria izango da, jarrera eta ondorio argi eta sendoak jasotzen dituelako.

Txostenaren argudio nagusia langileen lagapen legezkanpokoa bada ere, beste argudio batzuk ere jaso ditu: enpresak ustezko krisi egoera ez duela egiaztatu, aurkeztutako datu ekonomikoak ez direla sinesgarriak edota GTO enpresa soil bat izan beharrean, Gestamp taldearen baitan funtzionatzen duela.

Negoziazioan zehar ABEEa ez onartzeko erresistentzia eta prozedura bertan behera uzteko epaitegian abiatutako bidea, borrokak merezi duela baieztatzen duten ariketak dira; enpleguaren eta justizia sozialaren alde eta Gestamp bezalako mutinazional eskrupulu gabeen kontrako borroka baita.