Zamudioko Gestión y Matrices 3D enpresaren itxiera salatu du ELAk

2020/06/02
Joan den apirilean, Gestión y Matrices 3D enpresako zuzendaritzak kaleratze kolektibokorako ERE bat aurkeztu zuen, 18 langile kaleratzeko, hain zuzen ere, tartean, enpresa batzordeko 3 kide. EREaren kontsulta-aldian, enpresak ez zuen aurkeztu eskatutako dokumentazioa eta ez zuen inolako borondaterik izan neurri ez-traumatikoak negoziatzeko. Azkenean, enpresako zuzendaritzak 18 kaleratzeak gauzatu zituen.

ELA enpresako zuzendaritzaren hainbat irregulartasunen eta kudeaketa negargarriaren jakitun da. Hala ere, ekainaren 1ean zuzendaritzak bere burua gainditu zuen: EREak eragiten ez zien langileek ezin izan zuten lanik egin enpresa itxita zegoelako eta sarrerako sarraila aldatuta zegoen. Ekainaren 2an enpresak itxita segitzen zuen eta langileek banakako kaleratze-gutunak jaso zituzten.

ELAk salatzen du Gestión y Matrices 3D enpresaren zuzendaritza legetik kanpo jokatzen ari dela eta gai hori Lan Ikuskaritzan jakinarazi du. Bestalde, enpresako arduradunei ohartarazi die “bide juridiko eta sindikal guztiak erabiliko dituela plantillaren eskubideak defendatzeko”.