Getxoko Udalak Akuarioko langileak kaleratu nahi ditu

2019/12/13
Getxoko Akuarioko langileek (Getxo Aquarium) 59 egun daramatzate greba mugagabean, udal Akuarioko zerbitzuaren enpresa esleipendunak bi langile kaleratu zituelako (horietako bat ELAko langileen ordezkaria da) beren eta gainerako langileen eskubideak erreklamatzeagatik. Greba hasi zenetik langileek Udalarekin biltzeko eskaera egin dute eta ez dute erantzunik jaso. aldiz, abenduaren 12an prentsa ohar batez biden jakin dute Udalak urtarrilean Getxoko Akuarioa itxiko duela.

Langileak urriaren 14tik greban daude,kaleratutako bi langileak berriz onartzeko, esku-hartze sozialeko hitzarmena behar bezala aplikatzeko eta Getxoko Udalak (zerbitzuaren arduraduna eta gertatzen ari diren irregulartasun guztien jakitun) plantillaren egoera konpontzeko neurriak har ditzala eskatzen.

DISETECMAR enpresa da Getxoko Akuarioaren egungo kudeatzailea (udalaren jabetzakoa). Getxoko Akuarioko langileek ia bi urte daramatzate Akuarioko Zuzendaritzarekin sektoreko hitzarmenaren aplikazioa negoziatu nahian.

Greba hasi zenetik langileek Udalarekin biltzeko eskaera egin dute, oraindik zain daude; eta atzo gauean prentsa ohar batekin topo egin zuten, Udalak urtarrilean Getxoko Akuarioa itxiko duela esanez.

Getxoko Udalak erabakia hartua zuen jada, eta azaroaren 28ko osoko bilkuran langileei informazioa nahita eta kontzienteki ezkutatu zien.

ELAren esanetan hori lotsagarria da. "Onartezina da Getxoko Udala egiten ari dena. Ez da inoiz arduratu Akuarioan Disetecmar enpresaren kudeaketaz; ez du jardun Akuarioko plantillak bizi zuen egoera konpontzeko, eta orain hura ixteko erabakia hartu du, plantilla osoa kalean utziz, inolako eragozpenik eta justifikaziorik gabe".

Horregatik guztiagatik, Getxoko Udalari eskatzen dio bere erabakia atzera bota dezala, zerbitzu publiko horrekin jarraituz, behar bezalako baldintzetan eta plantilla osoa mantenduz.