Gorlizko garbikuntzako langileek akordioa lotu dute soldata arrakala ezabatzeko

2022/07/29
Gorlizko (Bizkaia) Udalaren mendeko eraikinak garbitzeaz arduratzen diren langile azpikontratatuek akordioa sinatu dute, kale garbikuntzako lanetan diharduten gizonekin alderatuta -lanbide kategoria berekoak- duten soldata arrakala ezabatzeko. Akordioa sinatuta amaiera eman diote 2021eko uztailaren 1ean hasi zen grebari. Akordioak hobekuntza handiak jasotzen ditu: 2023rako %32ko soldata igoera eta 2024rako %44koa. Bi igoera horiek Bizkaiko eraikin eta lokalen garbikuntzako hitzarmen probintzialaren gainetik daude.

Guztira, Gorlizko udal eraikinak garbitzeaz arduratzen diren zortzi langile dira, ELAko ordezkari batek ordezkatzen dituenak. Sindikatuak langileak zoriondu ditu borrokagatik, eta gogoratu du aukera galdu dela probintziako hitzarmenean horrelako hobekuntzak adosteko.