Greba arrakastatsua izaten ari da ZTE MMSSn, Euskaltelentzat lan egiten duen multinazional txinatarrean

2021/12/14
Euskaltelen sarea instalatzeaz eta mantentzeaz arduratzen den ZTE MMSS (Zamudio) multinazional txinatarraren langileek astebeteko greba hasi dute, 2018tik soldatak izoztuta dituztelako eta lan baldintzak egunetik egunera okertzen dizkietelako. Enpresak azpikontratazioa sustatzen du, enpresa hitzarmenaren negoziazioa blokeatzen du, eta hainbat lankide kaleratu ditu urtean zehar. Era berean, enpresak asmoa dauka lana Espainiako Estatuan dituen beste zentro batzuetara bideratzeko, nahiz eta urtez urte etekin handiak lortu. Enpresa batzordeak sustatutako astebeteko grebak jarraipen zabala izan du. Horrela, Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzua baino ez da eskaintzen ari, langile gehienak greban direlako. Grebalariak enpresak Zamudion (Bizkaia) duen egoitzaren aurrean daude, eta hainbat mobilizazio egiten ari dira Euskaltelek Parke Teknologikoan duen egoitzan.

Hego Euskal Herrian, ZTE MSSE enpresak 130 langile inguru ditu, eta 2014an Euskalteletik kaleratutako langileek osatzen dute plantilla -Eusko Jaurlaritzaren oniritziarekin bere zerbitzua kanpora atera zuenean-, ordutik aurrera egin diren kontratazio berriekin batera. “ZTE MSSEko langileak pribatizazioaren oinordekoak dira, eta ez dute prekaritatearen eredu izan nahi”, adierazi du enpresa batzordeak.