Greba mugagabea otsailaren 28tik aurrera Berangoko Alconza enpresan (Irizar taldea) 38 kaleratzeen kontra

2022/02/23
38 langileren etorkizuna kolokan dago Berangoko Alconza enpresan (Irizar taldea), zuzendaritzak iragarritako kaleratze kolektiboaren ondorioz. ELAk urteak daramatza lanpostuak eta lan baldintza duinak bermatzeko negozioaren bideragarritasun plana eta proiektu industriala eskatzen Irizar taldeari. Gaur egun, Irizarren proposamen bakarra 'berrekite plan' baten aitzakiarekin, lanpostuen suntsiketa da. ELAk garbi du Alconzaren jasangarritasuna ezin dela langileon bizkar utzi, beste behin.

2013an, Irizarrek Alconza erosi zuen taldeari balio erantsia eman ziezaion. Orduan 250 langileko enpresa zen, merkatuan erreferente eta errentagarritasun handikoa. Baina egindako kudeaketa txarrak egun bizitzen ari garen egoerara ekarri gaitu. Ordutik ez da inongo inbertsiorik egin Berangoko lantokian. Langileen lan baldintzen prekarizaziorantz zuzendutako politikak izan dira Irizar taldearen eskutik etorritako plan industrial bakarra.

Gogoratu dezagun Alconza erosi zuenean, 10 miloi euro banatu ditu mozkinetan Irizarrek azken urteotan. Baina zortzi urte hauetan arduragabe jokatu, eta ez du lan kargarik ekarri Berangora.

Alconzako langileek ez dute onartuko lanpostuen suntsiketarik, eta plan industriala exijitzen dute. Horren aurrean, lanpostuak defendatuko dituzte: egoera aldatu ezean, otsailaren 28tik aurrera greba mugagabea egingo dute.