MECANER (URDULIZ)
Grebak lantegiko ekoizpena erabat geldiarazi du

Mecaner enpresan(Urduliz, Bizkaia) egindako greba egunak lantegiko jarduera guztia geldiarazi du. Enpresa batzordeak deitutako grebarekin bat egin dute langileek, irailean Stellantis taldeak lantegia itxi eta langile guztiak kaleratzeko asmoa iragarri ostean. 11:00etan manifestazioa egin dute herrian. ELAk itxiera errefusatu du eta lantegiaren bideragarritasuna defendatu du; horregatik, erakunde publikoen (Udala, Aldundia) eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Industria Sailen inplikazioa eskatu du, Mecaner enpresaren itxiera geldiarazteko. "Galera ekonomiko eta sozial larria eragingo lieke familiei, udalerriari eta eskualdeari", azpimarratu du sindikatuak.
Mecaner S.L.U. enpresa Urdulizen dagoen trokelgintza bat da. 60 urte baino gehiago daramatza automobilgintzan, eta 144 langile ditu. Herbehereetako Stellantis taldekoa da. Automobilgintzaren erraldoiak, Stellantis Taldeak, 270.000 langile baino gehiago ditu eta 2022an 20.000 milioi euroko irabaziak izan zituen.