Gure autogobernua saltzen ari dira

2017/09/18
Itziar Larrazabal
Eskualdeko arduradun Itziar Larrazabalek Hiruka aldizkarirako idatzitako artikulua da honakoa, Eusko Jaurlaritza eta EAJ-ren politiken bueltan egindako hausnarketa.

Azken egunotako egunkarietan berriz ere irakur dezakegu aurten EAEko ogasunak uste baino diru gehiago ari direla biltzen (datu hau urte amaieran konfirmatu beharrekoa da). Jarraian nire buruari galdetu diot diru hori zertan gastatu ahal dugun eta ditugun beharren zerrenda luze bat etorri zait burura. Baina jarraian ere gogoratu dut Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiek hitz eman dutela uztailaren 11n Rajoyren gobernuak, EAJren botoari esker, ezarritako “gastu-araua” izenekoa beteko dutela.

Akordioan zera adostu zuten: administrazio guztien, eta, beraz, baita Hego Euskal Herrikoen aurrekontua, gehienez, %2,4 nominala haziko dela 2018an. Alabaina, gastu-arauak esan nahi du euskal erakundeek ezin izango dutela gastua gehitu, ez eta diru-sarrera nahikoak badituzte ere. Gauza bera gertatuko litzateke ondorengo urteetan. Espero baino sarrera handiagoak izanez gero, zor publikoaren ordain aurreratura bideratu beharko lirateke; honek inbertsio soziala haztea galaraziko luke.

Betidanik esan izan digute Ekonomi-Itunak euskal erakundeei diru-sarrerak beren esku izateko aukera ematen diela, zertan gastatu erabakitzeko. Haatik, gastu-araua horren aurkakoa da.

Agerian geratzen da ere Eusko Jaurlaritzak jarraitu egingo duela politika neoliberalak, doikuntzak eta murrizketak aplikatzen. PPk estatu mailan ezartzen duen eredu antisozial bera.

Eta gainera gizarteari saldu nahi izatea “akordio” hori aldebikotasunaren fruitu dela adar jotze hutsa da. Nolanahi ere agerian uzten du ustezko aldebikotasunaren mamia: Madrilek inposatzen duena onartzea.

ELAk indar politiko progresistei eskatzen die akordio hau arbuia dezatela.