Mecaner (Urduliz)

Hamargarren greba eguna lantegia salbatzeko borrokan

2023/12/05
Mecanerreko plantillak greba eguna du abenduaren 5ean, hamargarrena, Stellantis taldeak planteatutako deslokalizazio erabakiaren aurka. Langileek bat egin dute grebarekin, eta ekoizpena geldiarazi dute. Bestalde, Mecanerreko langileek ere manifestazioa egin dute Bilbon; SPRIren aurrean egindako elkarretaratzearekin amaitu dute protesta. Izan ere, bertan bilera egin dute Eusko Jaurlaritzako Industria Sailarekin, eta enpresako industriaren eta lanpostuen defentsan lan egiteko eskatu diote Sailari. Ezin baita onartu 16.000 milioi euro baino gehiagoko irabaziak dituen talde batek Mecaner deslokalizatu nahi izatea.

Mecaner autogintzako enpresa da, 150 bat langile dituena. ELAk berriro eskatu dio Stellantisi atzera egin dezala Mecaner lantegia deslokalizatzeko erabakiarekin, eta erakundeei eskatu nahi die erantzukizuna beren gain har dezatela eta inplika daitezela enplegua eta lan baldintzak suntsitzen ez dituen irtenbide batean.

Azkenik, ELAk greba aldarrikatzen du Mecanerreko langileen eskubideak defendatzeko tresna gisa, eta Urdulizko lantegia salbatzeko borrokan jarraitzearen alde egin du.