Ibermaticako Bizkaiko langileek bi orduko lanuztea egin dute

2017/06/07
Zamudioko Parke Tekonologikotik manifestazioa egin dute orain arteko kaleratzeak eta lan baldintzen prekarizazioa salatzeko, hitzarmena eta eskubide sindikalak errespetatzea exijitzearekin batera.

 Ibermaticako langileen egoera sostengaezina da. Lan baldintzen prekarizazioa nabarmena da: enpresak ez du hitzarmena errespetatzen, azpikontratazioa etengabe hazten doa, enplegu suntsiketa itzela da (2017an dagoeneko 33 lagun kaleratu ditu) eta ekintza sindikalerako eskubidea urratzen du. Arrazoi guzti horiengatik egin dute 2 orduko lanuztea goizeko 10:00 eta 12:00 bitartean. Jende askoren babesa izan du lanuzteak eta Parke Teknologikoan burutako manifestazioan 200 langilek parte hartu dute. Era horretan azalarazi diote enpresari nazkatuta daudela.

Ibermaticak ez du langileen eskubideak defendatzeko edozelako antolakuntzarik onartzen. Horregatik, orain gutxi ELAko ordezkari bat kaleratu du. Sindikatuak kaleratzearen aurkako helegitea aurkeztu du, oinarri juridikorik ez izateaz gain, legeak aitortutako askatasun sindikalerako eskubidea urratzen duelako.