Ibermaticatik ELAko ordezkaria kaleratu izana deuseztu egin dute epaitegian
ELA epai horren zain zegoen, bere Bizkaiko Batzordeko ordezkarietako bati enpresak zehapen larri hori ezarri zionetik. ELArentzat argi zegoen kaleratzearen arrazoia zein izan zen: lan sindikala egitea. Eta horrela eman da frogatutzat arestian jasotako epaian.
ELAk oso ondo deritzo epaiari, justizia egin baita Ibermaticako ordezkariarekin, Batzordearekin eta plantilla osoarekin. Enpresaren azken helburua langileen antolamendua suntsitzea zen, lan-eskubideen aldeko ekintzarik gerta ez dadin. Eta epai horren bidez zuzendaritzaren asmoei mugak jarri zaizkie, eta lan sindikala babestu da.
Kaleratzea apirilean burutu zen, eta enpresak topo egin du hasieratik langileen oposizioarekin. Izan ere, Zuzendaritzak agindutako kaleratze hori salatzeko, eta baita aspalditxotik daraman prekarizazio-estrategia jarraitua salatzeko ere, elkarretaratzeak egin dira Zamudioko egoitzaren aurrean hainbat astetan, eta ekainean 2 orduko lanuzte bat egin zen, enpresaren ibilbidean aurrekari bat izango dena.
ELAtik Ibermaticako langileak bultzatzen zaituztegu antolakuntzaren eta borrokaren bidetik jarraitzera, lan-baldintzak modu kolektiboan hobetzeko, hori baita modurik eraginkorrena gure helburua lortzeko.