MECANER (URDULIZ)

Irtenbide bat bilatzea eskatu dio ELAk Bizkaiko Foru Aldundiari

2024/01/17
Aldundiak adierazi du momentuz inork ez duela interesik Mecaner erosteko, baina enplegua suntsitzea ez den beste alternatiba batzuk badaude.

Mecanerreko (Urduliz) enpresa batzordea Izaskun Artetxerekin, Bizkaiko Aldundiko Berrikuntza eta Garapen Saileko arduradunarekin bildu zen atzo lantokiaren itxieraren kontrako hamaseigarren greba egunean. Diputatuak adierazi zuen oraingoz ez dagoela interesaturik Mecaner erosteko, eta, beraz, ELAk diputatuari eskatu dio lanean jarrai dezala kaleratzeak eta enplegua suntsitzea ez den beste aukera bat aurkitzeko. Era berean, erakunde guztiei eskatu die irtenbide bat bila dezatela Urdulizko lantokiko 148 langileak ez kaleratzeko.

Mecanerren plantillak ez du onartzen fabrikaren deslokalizatzea. Izan ere, 2022an 600.000 euroko irabaziak izan zituen. ELAk uste du Urdulizko lantokia bideragarria dela, hala erakusten baitute enpresaren irabaziek.