Lanuzteak ekainaren 15 eta 17an eta greba eguna ekainaren 22an Zamudioko ZTE enpresan

2021/06/10
ELAk mobilizazioak deitu ditu nagusiki Euskaltelentzat lan egiten duen enpresa honetan. Langileek hiru gauza salatu nahi dituzte: kaleratzeak, prekaritatea eta lan karga Euskal Herritik kanpo eramatea.

Multinazional txinatarrak barne antolaketan aldaketak abian jartzearekin batera kaleratzeak gauzatu ditu eta iragarri du irabaziak handitzeko helburuarekin estrategia martxan duela. Batetik orain arte Zamudion egindako lana Gijon edo Madrilera bideratzeko asmoa jakinarazi du. Horrek suposatuko du Zamudioko hainbat langileren lan baldintzak nabarmen okertzeaz gain, egungo lan taldearentzako behar beste lan karga ez egotea. Hori gutxi balitz aurrerantzean kontratazioak outsourcing edo ABLE enpresa bidez egiteko asmoa adierazi du enpresak, prekarietatearen bidean jauzi nabarmena emanez.

Azken urteetan ere prekarietate egoerak bizi izanagatik sustatu zuen ELAk enpresa mailako hitzarmenaren negoziazioa. Helburu nagusia da enpresako langile guztientzako lan baldintza duinak arautuko dituen hitzarmena lortzea. Guzti horri erantzuteko deitu du ELAk ordu beteko lanuztea ekainaren 15 eta 17rako (12:00tatik 13:00tara bitartean) eta egun osokoa ekainaren 22an.

Euskaltel-etik kanporatutakoak

2014an erabaki zuen Euskaltel-ek instalazio eta mantendu lana kanporatzea. Orduan kaleratutako 133 langileak ZTE Managed Services Southern Europe enpresako langile izatera pasa ziren. Orduz gero soldatak izoztuta dituzte Euskaltel-etik eratorritakoek. Eta kontratazio berrien baldintzak askoz kaxkarragoak dira. Egungo ZTE-ko langileek ez dute ahazten Euskaltel-ek eginikoa eta ezta Eusko Jaurlaritzak izandako jarrera ere. Multinazionalen irabaziak lehenetsi zituzten, langileen eskubideak eta herriari eskaini beharreko zerbitzuaren ordez. Hori ahala izanik, ZTE-eko gatazkaren erantzukizuna erakunde publikoena eta Euskaltelena ere badirela argi dute. Eta Euskaltelen OPA prozesuak euren lana enplegua jo mugan jartzen dutela erizten dute.