GETXOKO LOREZAINAK

Udalak ez du langileekin bildu nahi, baina grebalariak ordezkatzen ditu eta grebarako eskubidea urratu

2024/05/08
UTE Getxo Lorategiak enpresako langileek, Getxoko lorezaintza zerbitzuaren esleipendunak, 37 egun bete dituzte greba mugagabean, Udalak erantzunik eman gabe. Udala da zerbitzua azpikontratatzen duena eta, beraz, zerbitzuaren arduradun nagusia. Hala ere, plantillarekin biltzeari uko egin dio, enpresarekin zuzenean negoziatu behar dutela dio eta eskaintzen den zerbitzuan duen erantzukizunari muzin egiten dio. Gainera, greban dagoen plantilla ordezkatu eta herritarrak bere aurka jartzen saiatzen da, grebarako eskubidea urratuz. Dagoeneko salatu da Lan Ikuskaritzan. Era berean, ezin izan da bilerarik egin FCCrekin, zerbitzuaren enpresa esleipendunarekin. Gauzak horrela, apirilaren 2an greba mugagabea hasi zenetik, 37 egun geroago, arazoari irtenbidea emateko solaskiderik gabe jarraitzen dute. "Ez dugu ulertzen %0,85eko soldata igoeraren aldeagatik iritsi izana negoziazioaren blokeo honetara", deitoratu dute.

ELAk azpimarratu du Getxoko Udalaren ardura dela atzematea zerbitzu defizitarioa dela eta kontratu mota horrek langileengan ondorio kaltegarriak dituela. Izan ere, zerbitzua FCCri esleitu eta hilabetera, enpresak jakinarazi zuen galerak zituela.