United Caps multinazionalak Sopelako lantegia itxi nahi du
Langileen legezko ordezkaritzaren arabera (ELA %100) fede txarrez ari dira prozesu horretan, ez baitago arrazoirik, are gutxiago arrazoi objektiborik, Sopelako lantokia ixteko eta 37 lanpostu suntsitzeko. United Caps-ek arrazoi ekonomiko eta teknikoak argudiatu ditu, baina etekinak sortu ditu azken urteotan, eta salmentetan gora egin du.
Multinazional horrek Luxenburgoko paradisu fiskalean du bere egoitza, etekinak sortu ditu azken urteotan, eta Sopelako enpresaren akzioen %100 eskuratu zituen 2018. urtean. ELAren ustez ordurako bazeukan prestaturik ibilbide-orria, ekoizpena deslokalizatzeko eta Sopelako lantokia ixteko, behin bezero-zorroa, egitura eta abar eskuratu ondoren.
Erabaki izugarri horren aurrean, langileek beren lanpostuen alde agertzea erabaki dute; eta horretarako, greba mugagabera deitu dute azaroaren 24tik aurrera.
Langileek eskatu diete agintariei (Sopelako Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren Industria Saila) esku hartzeko, eta Sopelako lantokiko enplegua eta etorkizuna babesteko. Hori dela-eta, bilerak lehenbailehen egiteko eskatu diete.
ELAren ustez Industria Sailak bere egin beharko luke arazo hori, eta arlo horretan duen erantzukizunagatik, adierazpen hutsak baino ekintza zehatzak bultzatu beharko lituzke. Iruzurrezko mugikortasun geografiko horren kontsulta-aldia datorren astean bukatuko da, eta ELAk neurri hori erretiratzeko, eta alderdi guztien artean industria-plan bat prestatzeko eskatu du, beti ere Sopelako enpleguaren etorkizunari euste aldera.