Urdulizko Ospitaleko murrizketak salatzeko grebak jarraipen zabala izan du

2022/02/03
Urdulizko Ospitaleko (Bizkaia) langile gehienek bat egin dute SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deitutako grebarekin, aspaldidanik jasaten ari diren murrizketa gogorrak salatzeko. Besteak beste, 2017an txandakako lanaren osagarria kendu zitzaien, Osakidetzako beste ospitaleetako beharginek kobratzen badute ere. Sindikatuek azpimarratu dute horrek, Osakidetzako gainerako langileekiko diskriminazioa eragiteaz gain, lan-baldintzak murrizten dituela. Kontuan izan behar da txandakako lanaren osagarria hainbat lan-txanda egiten dituzten langileek kobratzen dutela, eta, beraz, familia eta lana bateragarri egiteko eskubidea kaltetzen zaiela. Greba 07:00etan hasi da, Larrabasterratik Urdulizko Ospitaleraino abiatu den manifestazio batekin, eta bertan ere elkarretaratze jendetsua egin da 11:00etan.

ELAk gogor salatu ditu Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak agindutako gehiegizko gutxieneko zerbitzuak, eta deitoratu egin du Osakidetzak berak, ostean, Jaurlaritzaren aginduak ezartzen zituenak baino gutxieneko zerbitzu handiagoak ezarri izana. Sindikatuak azpimarratu du langileen grebarako eskubidea urratzen ari direla, eta horren aurkako salaketa jarriko duela.