Zamudioko Roxall enpresako langileek greban jarraitzen dute

2019/12/11
Roxalleko langileek, Alemaniako transnazionalak Zamudioko parke teknologikoan duen enpresako langileek, zortzi greba egun deitu dituzte (abenduak 3, 10, 11, 12, 17, 18 eta 19) pairatzen duten prekaritateari aurre egiteko. Enpresa-batzordea (9 delegatuak ELAkoak dira) saiatu da zuzendaritzarekin hitzarmen propio bat negoziatzen, lehendik zegoen Kimikako Estatuko Hitzarmenaren baldintzak hobetzeko. Horren aurrean, "enpresaren aldetik mespretxuak, errespetu faltak eta jazarpen sindikala" baino ez dutela jaso salatu dute. Enpresako zuzendaritzak uko egin dio Batzordearekin negoziatzeari.

ELAk baieztatu du zuzendaritzaren aldetik presioa etengabekoa dela. "Langileen ordezkari bati baja eman dio medikuak, enpresako arduradunen aldetik jasan dituen presioen ondorioz". Kasu hori Lan Ikuskaritzaren esku utzi dute dagoeneko. Ez da horraino iritsi den kontu bakarra. Izan ere, Batzordeak enpresa salatu du grebarako eskubidearen aurka doazen erabaki batzuengatik; esaterako, grebalariak ordezkatzeko langileak kontratatzeagatik. Esku-sartze horren aurrean, ELAk Lan Ikuskaritzari exijitu dio azkar jokatzeko eta greba-eskubidea bermatzeko.

Sindikatuak dei egin dio enpresako zuzendaritzari enpresa hitzarmena negoziatzeko eta jazarpen sindikala eteteko, ordezkariak eta langile guztiak errespetatuz.