Asti-Leku Ikastolan ere greba egin da

2018/10/09
Portugaleteko Asti-leku Ikastolako langileek greba egin dute 2009. urteaz geroztik soldata izoztua dutela jendaurrean salatzeko. Joan den ikasturtean hasi ziren lanuzteak egiten.

Azken hamar urteotan Ikastoletako Hitzarmena ez da berritu; horren ondorioz, langileek eroste-ahalmenaren %10etik gora galdu dute. Irakaskuntzaren sare publikoan eta itunpekoan mobilizazioak ugalduz joan dira arestian;LABek gehiengoa duen PARTAIDE sareko ikastoletan, aldiz, ez da mobilizazio-zantzurik ikusi, egoera oso antzekoa bada ere.

Asti-Leku Ikastola, bere egoera erakusteko kalera atera den PARTAIDEko ikastola bakarra izan da; hori ez da kasualitatez gertatu, ELA baita Asti-Lekuko enpresa batzordean gehiengoa duena.

2017. urteaz geroztik Eusko Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarrean onetsitako aurrekontuaren bidez, soldata-igoerak ezarri izan dizkie langileei; baina LABek eta PARTAIDEk, erabateko adostasunez, igoera horiek ikastoletako langileen nominetan ez islatzea erabaki dute.

Erabaki hori Asti-Lekuko langileei jakinarazi zitzaienean, langileek, batzarrean bildurik, erabaki horren kontra egin eta mobilizazioak egitea hautatu zuten. Gauzak horrela, joan den ikasturtean hasi ziren lanuzteak egiten. Hala ere, egindako lanuzteek ez zuten lortu espero zen ondorioa, eta horregatik erabaki dute oraingo honetan mobilizazioak areagotzea, konponbide bat bilatu nahian.