325 ikasleri jaten emateko 3 langile besterik ez Iruña Okako JM Barandiaran ikastetxeko sukaldean

Hezkuntza Publikoan egoerarik okerrenetarikoan dagoen kolektiboa sukaldari eta garbitzaileena da. Izan ere, Administrazioak pribatizatu eta desagerrarazi nahi duen langile taldea da hau. Urtez urte hezkuntzan ezinbestekoak diren zerbitzu hauek enpresa pribatuen esku uzten joan da. Bide horretan, langile publikoak eskola gutxi batzuetara mugatzea lortu du Jaurlaritzak. Egun, %63ko behin-behinekotasuna sufritzen dute langileek. 800 langiletik 500 baino gehiago dira behin-behineko kontratua dutenak. Are gehiago, 55 urtetik gorako bataz-besteko adina dute langileek.
Behin-behineko sukaldari asko ezinbestekoak dira eta geroz eta ikasle gehiagori jaten ematen dioten lanpostuak betetzen dituzten arren, behin-behineko kontratuak dituzte. Langile askok (22k azken ikasturtean) ez dute %100eko lanaldirik izan, betiere, beraien borondatearen kontra eta ikastetxearen beharrak gero eta handiagoak izan arren. Jaurlaritzak, aldiz, lanpostu publiko horien jardunaldiak ez handitzearren edo lanpostu publiko gehiago ez sortzearren 9 hilabeteko “languntza kontratuak” errepikatzen ditu urtez urte, lege iruzurra eginez. Laguntza kontratu hauen bidez, 400 ordu inguru betetzen ditu urtero Hezkuntza Sailak. Iaz jardunaldi osoko 23 “laguntza kontratu” sinatu zituen Jaurlaritzak, 33 jardunaldi erdikoak edo handiagoak eta beste asko 2 edo 3 ordukoak. ELAk egoera hau behin eta berriro salatu duen arren, Eusko Jaurlaritzak konponbide emateari uko egiten dio urtez-urte.
Hau gutxi balitz, “laguntza kontratuek” -legez 9 hilabetetara mugaturik daudenez-, ez dute irailetik ekainerako ikasturtea betetzeko ematen, eta, ondorioz, urtero iraileko lehen asteetan ikastexeek ez dituzte “laguntza kontratu” hauek. Ondorioz, ia 400 lan-ordu gutxiagorekin funtzionatu behar dute, ikastetxeetan dauden sukaldarien lan-kargak modu jasangaitzean handituz.
Egoera horrek Iruña Okako JM Barandiaran ikastetxean 325 ikasleri jaten emateko 3 sukaldari besterik ez jartzera eraman du Hezkuntza Saila. Hau da, ikasle ratioei jarraituz, gutxienez 4 langile jardunaldi osoan aritu beharrean, langile bat gutxiagorekin eta lan-kargak bikoiztuz lan egitera behar ditu Hezkuntza Sailak. Langileen salaketaren aurrean, Jaurlaritzak 75 ikasleri jaten emateko catering enpresa baten bidez langile bat azpikontratatu du jardunaldi erdira, berez, jardunaldi osoko lana egiteko.
ELAk gogor salatzen du sukalde eta garbiketako langileen egiturazko prekarietate egoera hau eta onartezinak diren “laguntza kontratu” eta azpikontratazio hauek erabiltzea egiturazko lanpostu eta beharrei erantzuteko.
Sindikatuak Hezkuntza Sailari exijitzen dio egoera honi berehala konponbidea ematea eta prekarietateari konponbidea emateko negoziazio abia dezala.