ELA abenduaren 18an Gasteizen deitutako mobilizazioan izango da
ELAk bat egin du pentsiodunen mugimenduaren aldarrikapenarekin, gutxieneko pentsioa Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzeko. Horregatik, bat egiten du mugimenduak abenduaren 18an Gasteizen deitutako mobilizazioarekin. Sindikatuak gogorarazi du Eusko Legebiltzarraren ezezkoa estatus berriari buruz eztabaidatzen ari diren unean etorri dela, eta ELAk uste du gai hori negoziatu egin beharko litzatekeela, pentsioak Euskal Herrian erabaki daitezen.
Gainera, gogorarazi du hilabete geroago Eusko Jaurlaritzak uko egin diola 140.000 sinadura baino gehiago zituen beste Herri Ekimen Legegile bati: gutxieneko soldata propioa izateko ekimenari. Kasu honetan ere, EAJk eta PSEk eskumen falta argudiatu dute.
ELAk adierazi du Eusko Jaurlaritzak jarrera "autoritario eta antidemokratikoa" erakutsi duela azken hilabeteotan. Pentsioen kasuan, Jaurlaritzak irizpide juridikoak argudiatu zituen, baina sindikatuaren arabera, egindako txostena "erabat politikoa zen".
"Pentsioak hobetzeko borondate politikoa balego, hori ahalbidetuko luketen formulak egongo lirateke", esan du.
Sindikatuak gogorarazi du bi aldarrikapen horiek funtsean helburu bera dutela: aberastasuna banatzea, emakumeen eta gizonen arteko aldea murriztea eta subiranotasun handiagoa izatea Euskal Herriko langileen kezkei erantzuteko. "Ulertezina da demokraziaren eta nazio eraikuntzaren ikuspegitik Legebiltzarrean eztabaida bera saihestu izana", deitoratu du.