ELAk errefusatu egin du aurreakordioa, ez delako nahikoa eta eskubideen galera dakarrelako
Adostutako testuak indarraldi luzeegia ezartzen du, bost urtekoa (2025-2029), eta KPIari lotuta ez dauden soldata-igoerak jasotzen ditu. Formula horrek ez du ahalbidetzen azken urteetan galdutako erosahalmena berreskuratzea, eta ez du bermatzen hitzarmena indarrean dagoen bitartean mantenduko denik. Gainera, soldata-igoerak ez dira ia oinarrizko soldatan islatzen, gehienbat hitzarmen-plusari aplikatzen baitzaizkio.
ELAk bereziki larritzat jo du aurreakordioak baja medikoen arloan dakarren atzerapena. Orain arte, gaixotasun arruntagatiko aldi baterako ezintasun-egoeran zeuden langileek kotizazio-oinarriaren % 100 jasotzen zuten 180 egunera arte. Aurreakordio berriarekin, hitzarmen-plusa kalkulu horretatik kanpo geratzen da, eta horrek zuzeneko zigor ekonomikoa dakar baja medikoan daudenentzat.
Horregatik guztiagatik, ELAk baztertu egin du aurreakordio bat, sektoreko lan-baldintzak nabarmen hobetzen ez dituena eta, gainera, dagoeneko finkatuta dauden eskubideak murrizten dituena, batez ere baja medikoetan babes ekonomikoari dagokionez.