UTE MEDITERRANEO IBAIAK 2001

ELAk greba amaierako akordioa lortu du, 51 eguneko grebaren ondoren

2024/03/07
ELAk greba amaierako akordioa lortu du, 51 eguneko grebaren ondoren
Arabako ibaien mantentze-lanez, kontserbazioaz eta ingurumen-hobekuntzaz arduratzen den URAren azpikontratako langileek akordio bat lortu dute, soldata-hobekuntzak eta urteko ordu-jaitsiera jasotzen dituena.

Enpresarekin negoziatzen saiatu ondoren, langileek greba mugagabea hasi zuten urtarrilaren 15ean. 2022an ere ia 6 hilabete iraun zuen grebari eutsi zioten, eta, lehen helburua lortu ondoren, URAk konpromisoa hartu zuen Arabako langileen soldata Gipuzkoako langileek dutenarekin parekatzeko, jarduera berberak egiten baitituzte.

Behin greba hasita, eta minutu bat iraun zuten bilerak ere egin ondoren, URAk azkenean onartu du soldatak Gipuzkoarekin parekatzea. Akordioa 2024ko abendurako aurreikusitako lizitazio berria esleitu ondoren jarriko da indarrean, eta hobekuntza hauek jasotzen ditu nagusiki:

  • %48ko soldata-igoera pleguaren indarraldian
  • Urteko 111 orduko lanaldi-murrizketa pleguaren 4 urteetan.
  • Antzinatasun-plusaren kobrantza hobetzea
  • Hitzarmena ez aplikatzetik blindatzeko klausula

Lortutako akordioari buruz langileek egiten duen balorazioa oso positiboa da. Oso aurrerapauso handia eman da baldintza ekonomikoak Gipuzkoako plantillarekin homologatzeko, orain arte soldata-diskriminazioa pairatu izan baitute.