ELA elkarretaratu da Gasteizen Txantxangorri Haurreskolaren itxiera salatzeko

2022/05/31
Haurreskolak Partzuergoaren eta Hezkuntza Sailaren politika murritzaileak zenbait haurreskolen itxiera dakar. ELA, Gasteizko Txantxangorri Haurreskolako langileekin batera, elkarretaratu egin da haurreskola horren itxiera eta hura ekarri duten politika murriztaileen aplikazioa salatzeko.

Izan ere, Partzuergoak adierazi du haurreskola horretan hurrengo ikasturtera begira, ez dela matrikulaziorik izango eta jadanik bertan zeuden haurrak inguruko beste zentro batzuetara lekualdatuko dituela.

Tamalez, Gasteizko haurreskola honen itxiera ez da erabaki isolatu bat. Partzuergoak eta Hezkuntza Sailak haurreskolen mantenurako eta horiei baliabideak esleitzeko irizpide berriak jarri ditu martxan. Horiek guztiek jomuga komun bat dute, eskaintzen den zerbitzua murriztea; zenbait haurreskolen ordutegia murriztuko da, ratioetan ere atzerapausuak emango dira eta batzuetan gela eta haurreskola osoen itxiera ere gertatuko da.

Hortaz, Txantxangorri Haurreskolarekin gertatutakoa salatzeaz gain, Partzuergoaren eta Hezkuntza Sailaren asmo murriztaileak salatzeko elkartu gara, hau hasiera besterik ez dela uste baitugu.

ELAk, aldiz, bestelako kudeaketa bat eta bestelako Haurreskolen sare bat irudikatzen du. Haurrak gertutasunetik zaindu eta heziko dituen sare bat, herriz-herri, auzoz-auzo, zerbitzu eroso bat eskeiniko duena eta bere langileei lana modu duin eta seguruan egiteko nahiko baliabide emango dizkiena.

Horregatik guztiagatik ELAk salatu duTxantxangorri Haurreskolaren itxiera. Haurren eta familien beharrak erdigunetik alboratuta, arrazoi ekonomikoei lotutako erabakia baita, dirua aurreztea beste helbururik ez duena. Eta horri guztiari langileek bizi duten ziurgabetasuna gehitu behar zaio, gaur-gaurkoz ez baitakite non egingo duten lan hurrengo ikasturtean. Beraz, itxiera salatzeaz gain, Haurreskolak Partzuergoari eta Hezkuntza Sailari ziurgabetasun horrekin amaitzeko galdegiten die ELAk.