Hitzarmena berritzeko aurreakordioa lortu du ELAk
ELAk, %40ko ordezkaritzarekin, Arabako Ostalaritzako hitzarmen kolektiboa berritzeko aurreakordioa sinatu du 2025-2028 urteetarako. 2020. urtetik sinatu gabe zegoen akordioa, eta geroztik galdutako KPIa berreskuratuko da (%17,6). Gainera, lehen aldiz sektorean inaplikazio klausula jasoko da (lehen aldia ere Arabako Patronalak halakorik onartzen duela). Gainera, honako hau aurreikusten da: 2025eko abendutik soldatak %14 eguneratuko dira, hurrengo urteetarako KPIaz gaindiko soldata igoerak (2026 KPI+0,5; 2027 KPI+1,5 eta 2028 KPI+1,6koak), lanaldi murrizketa, “riderrak” eta hoteletako garbitzaileak hitzarmenean sartuko dira.
Hobekuntza horien adibide bat jartzearren, sukaldari laguntzaile batek (IV maila duenak) orain arteko 1.333,45 € gordin kobratzetik, 1.520,13 € gordinetara pasako da 2025eko abenduaren 1etik aurrera; edo kamarero batek (III maila) 1.417,31 € beharrean jasoko ditu 1.615,73 €.
Gainera, pandemia garaian asko sufritutako sektore honek behingoz bermatuta ikusiko ditu lan baldintzak inaplikazio klausulari esker. Sektore honetan garrantzi berezia du horrek; taberna batzuek esan baitzuten ez zituztela soldatak igoko.
Lanorduei dagokionez, 1.744 ordutara murriztuko da jarduna; lege bidez lan jardunaldi murritzagoa arautzen bada, hori aplikatuko zaie.
Gainera, “riderrak” eta hoteletako garbitzaileak beren-beregi agertzen dira hitzarmenaren aplikazio eremuan, eta kolektibitateetako langileei, hala lortzen bada, EAEko euren hitzarmen kolektibo propioa aplikatuko zaie.
Hori horrela, ELAk oso positiboki baloratzen du aurreakordioa. Soldata igoerez gain, hitzarmena aplikatzeko bermea jasotzen duelako inaplikazio klausulari esker. Orain, sindikatuak langileekin asanbladak egingo ditu, eta patronalak bere aldetik akordioa azaldu. Akordioa urtarrilaren 16an sinatuko da.