ARIZNABARRA erresidentzia (GASTEIZ)

Langileek mobilizazioak egingo dituzte hitzarmen kolektiboaren alde

2023/06/28
Orain dela sei hilabete hasi ziren Ariznabarra erresidentzian (Gasteiz) beste hitzarmen kolektibo bat negoziatzen; mahai gainean, ordea, ez dago enpresaren aldetik eskaintza esanguratsurik. Gauzak horrela, ELAk mobilizazioei ekingo die erakunde publikoak interpelatzeko asmoz. Hala, bihar, ekainak 29, 10:00etan, langileek elkarretaratzea egingo dute Arabako Foru Aldundiaren aurrean, lan baldintzak hobetzea eskatzeko. Honako hauek dira langileen aldarrikapen nagusiak: lanaldia murriztea, soldatak handitzea eta hobekuntza sozialak, besteak beste. Batzordea ELAko bederatzi ordezkarik osatzen dute.

“Urteetako greben ondoren, 13 urte geroago, berriz bizi dugu Arabako Foru Aldundiaren pasibotasuna eta enpresaren borondate falta”, kexu dira. Langileek bi urte eta bederatzi hilabeteko greba egin zuten. 2002an hasi eta 2003an bukatu zen lehen greba deialdia, eta 2008an hasi eta 2010ean bukatu azkena.